Bizi-baratzea

Basoa  >  Espezieak

Irungo bizilagunen borrokak fruituak eman ditu: Udalak ez ditu zuhaitzak moztuko
2020-06-25  |  Mikel Garcia Idiakez

Iazko haize bortitzen ondorioz Irungo Artia auzoan hiru zuhaitz erori zirela-eta, kale horretako beste 47 ezki moztu nahi zituen Udalak, baina bestelako alternatiben alde hilabeteak borrokan daramate bizilagunek, eta Udalak azkenean iragarri du ez dituela zuhaitzak moztuko.

Ezkien defentsan auzotarrek sortu zuten Artiako Lagunak plataforma pozik dago Udalaren erabakiarekin, baina erne jarraituko dutela adierazi dute, besteak beste nabarmenduz ekaitzengatik eta mozketengatik falta diren ezkiak ordezkatu egin beharko lituzkeela Udalak. Gainera, Udalari egotzi diote gardentasunik gabe jokatu izana eta ez dute ahazten arrazoi justifikaturik gabe 47 ezki moztu nahi zituela: “Erabaki guztiz desorekatua”.

Bestalde, Arartekoaren bidez hainbat dokumentazio eskatu zioten Udalari Artiako Lagunek, eta oraindik ez dute dokumentazio hori jaso.

Ez moztu, bilatu alternatibak

Zuhaitzen egoera aztertzeko bigarren txosten bat iragarri du Irungo Udalak, eta ezkiak kontserbatzeko eta arriskua murrizteko neurriak hartuko dituztela jakinarazi du.

Moztu ordez, zuhaitzak egoki kimatzeko (“orain arte egin ez dena”) eta egonkortzeko eskatu zuten hasieratik Artiako Lagunek, haizeak bota ez ditzan. Ingurumenari eta auzoari berari ezkiek mesede handia egiten diotela argi dute.