Bizi-baratzea

Intxaurrondoaren itzalpean bizi ezin
2021-06-03  |  Jakoba Errekondo

Elkar ezin eramanaz arituko naiz gaur, alelopatiaz. “Alelopatia” hitz hanpatsuak dio bizidun batek beste batzuen bizitzan edota garapenean eragin zuzena duen konposatu biokimiko bat sortzen duela. Alelopatia grekoko allelon “batak bestea” edo “elkarrekiko” eta pathos “sufrimentua” hitzetatik dator, eta elkarri kalte egitea adierazten du. Animaliotan gertatzen bada ere, landareen artekoa kontuan hartuko dugu.

Gero eta gehiago dakigu landareen arteko xextretaz eta elkarri xipoka nola egiten dioten, baina alelopatia badela jakintza zaharra da. Plinio Zaharrak 77. urtean argitaratutako Naturalis Historia liburuan azaltzen du nola intxaurrondoak (Juglans regia) itzal kaltegarria duen eta garagar (Hordeum vulgare) eta txitxirio (Cicer arietinum) landaketetan eragiten duen.

Intxaurrondoaren itzalpean hazten diren landareak topatzea oso arraroa da. Eragin alelopatikoa dago: hostoetan barrena igarotako euri tantek eta eroritako hostoen aztarnek taninoak eta beste konposatu batzuk dituzte, beste espezie batzuen ernetzea eta hazkundea eragozten dutenak. Ezagunena “juglona” da. Juglandaceae familiako landareek azalean, sustraietan eta hostoetan sortzen dute, batez ere intxaurrondo beltzak edo intxaurrondo amerikarrak (Juglans nigra). Substantzia toxikoa da, eta landare askoren bizimodua galarazten du, ez denena ordea, pagoak (Fagus spp.), astigarrak (Acer spp.) eta urkiek (Betula spp.) ez dute arazorik haren gerizpean bizitzeko. Itxuraz, beste landareen sustraien eta onddoen arteko elkarlana zapuzten dute, eta elkarlan hori gabe ezin dira behar bezala elikatu landareak eta ezin bizi.

Hego Amerikan ere bazekiten intxaurrondoaren juglonaren trikimailu horren berri, eta urak pozoituz arrainak erraz arrantzatzeko erabiltzen zuten. Agian denak ez baina batzuk jasango dute juglonaren erasana. Intsektuetan ere antzekoa gertatzen da; batzuek ezin ukitu dute intxaurrondoa; beste batzuek ikasia dute juglona degradatu eta andeatzen. Horietakoa izango da zokotenaren eulia edo intxaurraren eulia (Rhagoletis completa). Ez da urte asko Ameriketatik etorri dela guregana eta dagoeneko ikaragarrizko triskantzak egiten ditu intxaurrondoetan. Euliak arrautzak jartzen ditu intxaur alea ttikia denean eta haietatik sortzen diren harrak fruituaren kanpoko azala janaz elikatzen dira. Fruitua biltzen duen zokotena, natoa, koskana, oskola, zokolina, sokama, mozkana, txukarana, moskeina, sokotena, sokarana... euli horren harrak, juglona gorabehera, raka-raka jaten du azal xamur hori. Ederki ohituta dago nonbait, eta beretzako ez da pozoia. Alderantziz, beste askok jan ezin duen bazka denez, pagotxa ederra!

Landareentzako ere pozoina denez, herbizida gisa ere erabili izan omen da. Nork egingo du saioa eta gero denoi azaldu emaitza? Beste saio bat ere proposatuko nuke, ea intxaurrondoaren azpian lo-kuluxka egiteak buruko mina, eta baita burua joatea ere eragiten duela dion amen-eman ezaguna frogatzea.

Intxaur biltzen aritu denak badaki, azal horrek eskuak beltz uzten ditu, juglonaren eraginez. Tindagai ona da, bai ehun eta baita janari ere marroi iluntzen ditu. Arrazoi beragatik kosmetikan ere ezaguna da: ilea urdintzen ari bazaizu, eman intxaurra burukoari edo dena denekoari, ilunduko dizu. Pozoinak poztu zaitzan...