Bizi-baratzea

Ilarra baratzean, gutizia eta altxor
2021-06-10  |  Jakoba Errekondo

Ilar zarbak baratzean ihartzen uztea eta lurrari nahastea onuragarri da, nitrogenoa zabaltzen duelako. Argazkia: Matteo Regla Dorronsoro.

Ez da ilarra, ez da gezurra, alegia. Gezurra esateko ilarra, tipula eta kalamua behintzat erabili izan dira. A zer kalamua! Tipula galanta! Polita ilarra!

Ez da ilarra ilarraren (Pisum sativum) sasoia amaitu dela. Ilarrak ezin du beroa eraman, ni ere horrelakoxea naiz. Beroa etorri orduko zaputza, ez dut erdia ere balio. Ilarra beroak akabatu egiten du. Neguko hotzarekin hazten da eta udaberriko freskurarekin loratu eta fruitua eman. Sasoi betea joan da, eta bazterren batean egon daitekeen hondarren bat izan ezean zail izango da aurtengoan ilar berria topatzea. Eskerrak gero eta gehiago jasotzen diren izozkailuetan.

Ilar sasoia amaitu denean leka eder horiek hazi eta eman dizkigun zarba, mastra hor dago baratzean ia edo erabat ihar. Arbatzeko jarritako arbaztan, makilan edo sarean kiribilduta dagoenez, haiekin batera tira eta ateratzeko ohitura oso zabaldua dago. Hobeto egin daiteke ordea.

Ilarrak, gainontzeko lekadunek bezala, sustraietan bakterio berezi batzuk izaten ditu apopilo. Elkar laguntzen dute eta biak pozik. Bakterio horiek airean ugaria den nitrogenoa hartu eta lurrera kateatzen dute amoniako forman. Gero nitratoa bilakatuko da eta horrekin landareek aminoazidoak sortuko dituzte, proteinak eraikitzeko behar dituztenak. Ilarraren zarba ihartzen denean gai nitrogenodun horien guztien iturri da. Zarbak erre eginez gero gai horiek denak galduko dira. Luar pilara botatzen baditugu hantxe luartu eta hurrengo ongarriketan joango dira. Onena zarbak hantxe bertan lurrari nahastea litzateke; zarbak bezala sustraiak bertan utzi eta haien nitrogeno eskuzabaltasuna hurrena datorren barazkiak eskertuko du. Onena hostoa jaten diegun barazkiak jartzea da, horietan baliatzen baita ondoen nitrogeno hori. Ilarraren eta bere sendiko lekadunen lan bikain hori ederki adierazi zuen Adrien Gachiteguy beneditar eta nekazaritza ingeniari aldudarrak 1963an argitaratutako Laborantza, laborantzatik hobeki bizitzeko liburuan: “Landare, osto biribil, lekadunek (luzerna, trefla...) badituzte erroetan trunpilo batzu, azotaz aberats diren mikrobez beteak”. Luzerna edo alpapa (Medicago sativa subs. Sativa) eta trefla edo hirustak (Trifolium spp.) aipatzen ditu ilarraren familiako, baina bada ugari.

Ilarrak berak asko uste gabeko mesedea ere ekarri zuen. Genetikaz dakigun ia dena Gregor Mendel austriarrak XIX. mendean ilarrekin egindako ikerketekin abiatutakoari zor diogu. Hura ere abade...

Zuk zeuk abadeak bezala jan nahi baduzu, Apeza eta lurra eman gabe ez dira engainatzen dio esaerak, eta udari agur eta udazkenari ondo etorri esanez ilar freskoak jan nahi badituzu, hil honen eta hurrengoaren ilgoretan erein. Onenak ilar motzak eta egun egokienak ekainaren 25a eta 26aren goiza eta uztailaren 3aren arratsaldea, 4a eta 5aren goiza. Azken aukera gisa uztailaren 23a eta 31. On dagizula.

Argazkia: Matteo Regla Dorronsoro.