Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

"Ilargiak miraririk ez du eginen baratzean, baina badu bere eragina"
2020-11-26  |  Garazi Zabaleta

Adi baratzezain eta landarezaleak! Zuengan pentsatuz propio sortutako agenda kalean da: Ilargiaren eta landareen 2021eko agenda. Jakoba Errekondoren testuz eta Antton Olariagaren marrazki ederrez hornitua, norberaren ohar eta idatziekin betetzea izanen da urte berrirako erronka. Zuen alea eskura dezakezue ARGIAren Azokan eta betiko saltokietan. Jakoba Errekondok xehetasunak eman dizkigu.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer du agenda honek besteengandik desberdin?

Beste edozein agendatik desberdintzen duena da astero-astero landareekin egin behar ditugun lanetarako ilargiaren bi zikloak erakusten dizkigula, eta hilero fruitu-arbolatan, lorategian edo basoan egin beharrekoak ere adierazten dizkigu. Aurtengo nobedadeetakoa da hilabete bakoitzean ilargiaren zikloaren eskema azaltzen duela. Bestetik, urtero gai bati eskaintzen diogu agenda eta aurtengoan garaian garaiko barazkiak dira protagonistak: kalitatezko elikadura nahi badugu jakin beharra dugu zer den freskoa eta garaikoa. Hilabete bakoitzean barazki horiek zein diren azaltzen zaigu agendan.

Zein ataletan banatu duzue agenda-liburua? 

Kokapena egiteko, ilargiaren eragina azaltzen da hasieran, eta urte osoko ilargiaren bi zikloak. Euskal Herriko klima mapa ere proposatzen da, baratze bakoitzaren kokapenaren arabera lanak desberdinak direlako. Agendan norberak bere lanak seinalatzeko aukera du, eta lan horiek errazteko aholkuak ere badaude: landare laguntzaileak zeintzuk diren, polinizatzaileak nola erakarri, ongarriak eta txandakatzeak nola egin, barazkiak nor norekin eramaten diren ongi, tratamendu naturalak… Informazio hori guztia, gainera, Antton Olariagaren marrazki ederrekin lagunduta doa.

Norentzat da bereziki erabilgarri?

Batez ere landareekin lan eginez ikasi nahi duenarentzat, edo baratzerik eta landarerik eduki ez baina horien inguruan gehiago jakin nahi duenarentzat: garaian garaikoa jateko, landareekin eta baratzearekin lotutako esaldiak ikasteko… Horretarako ere erabilgarria da. Bestetik, egia da eguneroko gauzak seinalatzeko ere erabil daitekeela, besterik gabe, agenda arrunt bat bezala.

Ilargiari jaramon gehixeago egin beharko genioke gure egunerokoan?

Norberak ikusi beharko du hori! Garbi dago landareengan eragina baduela ilargiak. Noski, ilargiak ez du miraririk egiten, aurreko lan guztiak ongi eginak eduki behar dira: lur ona izan, bizia, ongi prestatua, bertako landare barietateak erabiltzea… hori guztia ongi dagoenean, lagunduko du ilargiak!


Zurea bidali