Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Ibarrako piperra lan antropologikoko protagonista
2020-10-25  |  Garazi Zabaleta

Piperraren Historia, herritarren eta ekoizleen bizipenak, errezetak, argazkiak, eta beste hamaika kontu jaso ditu Josu Ozaitak Piparra liburuan.

Sentsibilitate berezia dago Ibarran piperrarekin, atxikimendu handia du herritarren partetik”. Josu Ozaita Azpiroz antropologo ibartarra da Piparra liburu argitaratu berriaren egilea. Zerbaitengatik ezaguna bada Ibarra herria, bertako piperragatik da, baina jakiaren inguruan ikerketa sakonen falta sumatzen zuen piperrari lotutako 789 elkarteak: produktuaren inguruko oinarri teorikoa behar zela, ikuspegi historiko eta antropologikotik landutakoa. Antropologiako azken urteko Gradu Amaierako Lana egiten zebilen orduan Ozaita, hain zuzen piperraren inguruan. Karrera amaitu eta urtera, 2016ko urte bukaeran, Udalak kontratua egin eta ikerketa sakonagoari ekin zion Ozaitak. Liburua da ikerketaren emaitza.

Ikuspegi antropologikotik

“Antropologiatik egin dut lana: elikagaien antropologiaren inguruan irakurtzen aritu naiz, alderdi sinbolikoa landu eta historia ere bildu dut”. Piperraren inguruko historiari atal bat eskaini dio liburuan Ozaitak. Batez ere adineko jendearekin eta bertako ekoizleekin elkarrizketak eginez jaso du historiaren berri: “Piperra garai batean izkina batean egoten zen, zerbait berezia bezala. Gorritzen utzi, sikatu eta tripakiari botatzeko erabiltzen zen”. Egungo prestigiorik ez zuen garai haietan.

XX. mende hasierarako bazegoen piperra Ibarrako baratzeetan, eta urteen poderioz, pixkanaka barietatea bertakotzen joan zela dio Ozaitak: tokiko klimara egokitu eta bere ezaugarri eta propietateak hartzen joan da. Mende horretako bigarren hamarkadan jada ohikoa omen zen San Bartolome egunean piperrak jatea, eta orduan hasi zen inguruko herrietako jendea piperra jatera Ibarrara hurbiltzen. Ibarrako piperraren boom handia, ordea, 90eko hamarkadan izan zela azaldu du: “Langostino izenaren kontua orduan sortu zuten Txumitxa tabernakoek, jendeari grazia egiten zion eta horrela joan zen fama irabazten”.

Jai giroko jakia

Ibarrako edozein kultur ekimen piperraren bueltan ospatzen dela nabarmendu du Ozaitak, eta festetako egunik garrantzitsuenean ere, San Bartolome egunean, eguerdiko 12:00etan herritar guztiak plazan elkartzen dira piperrak jatera. Piperraren azoka eguna ere urtero antolatzen dute, eta bertan jaki horrekin prestatutako pintxo lehiaketa egiten dute. “Urteetan sukaldari ezagunek prestatu dituzten pintxoen errezetak inon jaso gabe zeuden, eta horiek ere bildu ditugu liburuan: errezetak eta pintxoen argazkiak”, dio Ibarrakoak.

Historia, herritarren eta ekoizleen bizipenak, errezetak, argazkiak, eta beste hamaika kontu jaso dituzte Piparra liburuan. Liburuaren gaia tokikoa izanda ere, ikuspegi zabala du, eta horregatik, Ibarrako herritarrentzat ez ezik, gastronomia edota baratze mundua gustuko duen edonorentzat interesgarri izan daiteke. Piperraren kulturari balioa eman eta zabaltzea baitu helburu, funtsean.


Zurea bidali