Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Hiru emakume zizare-humusa ekoizteko proiektuaren atzean
2021-04-29  |  Garazi Zabaleta

Bertako gatzagengatik da ezagun Arabako Añana eskualdea batik bat, baina duela bi urtetik, gatzarekin batere zerikusirik ez duen beste proiektu berezi bat ere badago martxan Zanbranan: Añanako Humusa. Andrea Cortes Paz, Estibaliz Ramirez Leiva eta Tania Busto Lopez dira ekoizpenaren atzean dauden kideak. “Ingurumenari lotutako hainbat jardueratan ari ginen hirurak lanean lehenagotik; hiri-baratzeetan, plangintza agroekologikoetan… gutako bat txiletarra da, eta han oso ongi ari ziren funtzionatzen zizare-humusaren esperientziak”. Han arrakasta izan bazuen, hemen zergatik ez? Proiektua martxan jartzeko lanean hasi ziren eta 2019ko otsailean abiatu zuten egitasmoa.

Zizare-konpostak lurrari onura asko dakarzkiola azaldute: lurrak eta landareek behar dituzten sustantzia eta mineral organikoak erakartzen ditu, nutrienteak hobeki bereganatzen ditu eta orokorrean lurrak egituratzen eta orekatzen ditu, beste gauza askoren artean. “Azken batean, lurra berreskuratzen ari garela diogu guk”, gehitu du Bustok.

Nola den zizare-humusaren ekoizpen prozesua? Labur-labur azalduta, hauxe da kontatu diguna: “Materia organikoa aurre-konpostatu egin behar da lehenik, tenperatura zehatz bat hartu behar du patogeno batzuk ezabatzeko. Behin materiala aurre-konpostatuta dagoenean, zizareak hori jaten doaz eta kaka egiten dute. Horixe da humusa”. Bizilagun abeltzain batek dituen behien gorotza erabiltzen dute humusa egiteko. “Urte erdia kanpoan egiten duten animaliak dira”. Prozesu guztia hurbilean eta jasangarritasun soziala, ekologikoa eta ekonomikoa bultzatuz ari dira egiten.

Eredu gutxi inguru hurbilean

Madrilen izan ziren Añanako Humusa proiektuko hiru kideak ikastaro bat jasotzen, eta gerora, Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako HAZI agentziarekin elkarlanean Zestoako Hezieko zizare-hazkuntza proiektuan ikasten eman zuten denbora bat. “Handik bueltan, gutako baten aitak zuen lursail batean hasi ginen lanean Zestoatik ekarri genituen zizare-gorriekin”.

Euskal Herrian zizare-humusa ekoizteko egitasmo gutxi dagoela dio Arabako ekoizleak. Aldiz, Asturiasen, Galizian, Extremaduran edo Madrilen ustiategi dezente ezagutzen dituzte. “Gasteiz inguruan eta Errioxa eta Burgos aldean badira batzuk, baina ez da hain ohikoa eta horietako gehienek gainera prezio oso baxuan saltzen dute produktua”. Antzeko egitasmo gehiago egongo balira zailtasun gutxiago izanen lituzketela uste du Bustok; izan ere, baimenak-eta lortzeko nahikoa lan izaten dute, ustiategi hauek zer diren definitu gabe dagoelako oraindik: “Ez dakite gu hondakinen kudeaketa alorrean sartu, edo abeltzaintza nukleo bezala hartu…”. Eskala txikian ekoizten dute humusa oraingoz, inguruko baratze txikietarako.


Zurea bidali