Bizi-baratzea

Lorategia  >  Zuhaitzak

Hirietako zuhaitzak babesteko araudi bat eskatu dute
2022-08-30  |  ARGIA

Bizi kalitatea eta hiri bizigarriagoak helburu, zuhaitzak ez mozteko eta berauek babestu eta mantentzeko neurriak eskatu ditu Aliantza Berdea alderdiak, tartean zuhaitzaren estatutu juridiko bat sortzea.

Donostiako Marrutxipin egin duten zuhaitz mozketa masibioak kritika ugari jaso ditu. Argazkia: Parkea Bizirik Kukulunbera

Krisi klimatikoa gainean dela eta udara honetako tenperatura altuak horren lekuko izan direla, beroari aurre egiteko zuhaitzak aliatu bikainak direla gogoratu du Aliantza Berdea alderdi ekologistako koordinatzaile Juan Lopez de Uralde donostiarrak: “Jendeak hiri berdeagoak eskatzen ditu gero eta gehiago, hobeto bizitzeko; ulertezina da oraindik ere Donostiako Marrutxipiko zuhaitz mozketa masiboa bezalako kasuak ikustea”.

Espainiako Gobernuari helarazitako proposamenean, hiriko zuhaitzak babestu eta mantentzeko neurriak jarri ditu mahai gainean alderdiak, tartean estatutu juridiko bat legeak har ditzan zuhaitzak izaki bizidun gisa, ez objektu gisa.

Hirietako bizi kalitatean arbolek duten garrantzia nabarmendu du Lopez de Uraldek: “Airearen kalitatea hobetzen laguntzen dute, klima eta ziklo hidrikoa orekatzen, bioaniztasunari mesede egiten diote, kutsadura akustikoari aurre egiteko baliagarriak dira, baita tenperatura jaisteko ere, eta eskaintzen dute oxigenoa, jana, itzala, aterpea. Beharrezko eta ezinbesteko dira ikuspegi ekologikotik, baina horrez gain bizitza sozial eta komunitarioari estuki lotuta daude”.