Bizi-baratzea

Energiaren sektorea

Hidrogenoaren Euskal Korridorea sortu dute
2021-02-22  |  ARGIA

Bilboko portua eta Zorrotzaurre artean gasbide bate eraikitzeko makroproiektua aurkeztu dute 78 erakunde publiko eta pribatuk Euskalduna Jauregian. 2020 eta 2026 artean 1.300 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute. Petronor-Repsol da proiektuaren sustatzaile nagusietakoa.

Argazkia: eitb.eus

Elkarlanerako Memoranduma sinatu dute Hidrogenoaren Euskal Korridorean (BH2C) modu batera edo bestera parte hartuko duten 78 antolakundeak. Sei erakunde publikoak dira, hamabi zentro teknologikoak edo garapenerakoak, eta 58 enpresa pribatuak. Aurkezpenean adierazi dutenaren arabera, sei urtetan zuzeneko 1.340 enplegu eta zeharkako beste 6.700 sortzea aurreikusten dute sustatzaileek. Sektore pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlana aldarrikatu dute Euskalduna Jauregian.

Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurrak adierazi du proiektuak industria bultzatuko duela eta “elkarrekin egin beharrekoa” dela, babes publikoa eskatuz. Garapen Ekonomikoko sailburu Arantxa Tapiak Europatik sustatzen ari den energia arloko eraldaketan kokatu du BH2Ca. Next Generation funtsetatik korridorearentzako diru partida handia bideratzea eskatu du Eusko Jaurlaritzak, baina onartu edo ez korridorea egingo dela ziurtatu du sailburuak: “Hortik dirua badator ondo etorriko da aurrera bizkorrago egiteko, baina egin egingo da, dirurik ez badator ere”

Makroproiektu energetikoa

Hidrogenoaren Euskal Korridorea ibai azpitik igaroko litzatekeen gasbidea da. Sustatzaileen helburua urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea da, eta karbono dioxido isuriak urtero milioi eta erdi tona murriztea. Lander Arbelaitzek Next Generation funtsei buruzko analisian nabarmendu zuenez, Eusko Jaurlaritzak funts horietara aurkeztu dituen proiektuetatik pisu ekonomiko handienekoa da: “1.144 milioi euroko proiektua da eta funtsetatik 220 milioi eskuratu nahi lituzkete Petronor, Repsol eta Sener gisako enpresekin elkarlanean aritzeko”.


Zurea bidali