Bizi-baratzea

Hego Euskal Herrian energia aurrezteko neurriak jarri dira martxan
2022-08-10  |  Maddi Viana Zubimendi

Erakusleiho itzaliak eta aire girotua kontrolpean eduki behar dira besteak beste energia aurrezteko planaren arabera. Eraikin batzuk aurreratu egin dira, eta neurriak sartu aurretiko gauean ere argiak itzali dituzte.

Donostia piztuta. Argazkia: Urko Dorronsoro, Flickr.

Espainiako Gobernuak onartutako plana abuztuaren 10ean jarri da martxan. Astebete lehenago, abuztuaren 2an, argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean neurria. Neurriak dakar, besteak beste, aire girotuaren erabilera mugatzea eta erakusleihoak gauez itzalita egotea. Neurria abuztuaren 9an onartu zen, baina nahiz eta hurrengo egunerarte martxan ez jarri, hainbat eraikinek erabaki zuten egunean bertan argiak itzaltzea.

Donostian adibidez, argiak itzali egingo dira gauean, baina Aste Nagusian zehar berriro ere piztuak egongo direla ziurtatu du Eneko Goia alkateak, herritarren segurtasuna bermatzeko. Ondoren nabarmendu du energia aurrezteko neurria beteko duela, “bete beharrekoak” direla ziurtatuz.

Neurriak

Dendetako erakusleihoek eta hutsik dauden eraikin publikoek itzali behar dute argia eta hori 22:00etatik aurrera. Eraikin edo lokalaren jarduerak jarraitzen badu, piztuak egon daitezke. Printzipioz, neurria 2023ko azaroaren 1a arte egongo da indarrean. Berriak neurriak laburtu ditu. 

Tenperaturari eta aire egokitzapenari dagokionez, bero dagoenean 27ºtik behera ezin izango da jarri aire girotua eta hotza  egiten duenean 19ºtik gora ezin izango da jarri berogailua. Salbuespenak daude adibidez, besteak beste, jatetxeetako sukaldeentzat, ikastetxe eta haurtzaindegientzat, osasun zentroentzat, ile apaindegientzat, garbitegientzat, gimnasioentzat, botikentzat, museoentzat eta hoteletako logelentzat. Ezaugarri bereziak direla medio, arau horiek bete ezin dituzten lekuek ere eskatu ahal izango dute salbuespena.

Klimatizaziorako tresnak martxan dituzten guneek ateak itxiak mantenduko dituen sistema automatikoa eduki behar dute irailaren 30etik aurrera. 

Oharrak jarri beharko dira, energia aurrezteko neurrien eta aholkuen inguruan berri emanez. Bestelako neurri andana ere daude pausoen artean: Garraio enpresentzako diru laguntza bereziak emango dira, erregaien prezioen igoeran laguntzeko; beka jasotzen duten 16 urtetik gorako ikasleek beste 100 euroko diru laguntza eskatzeko aukera edukiko dute lau hilabetez, auokontsumorako eta energia instalazioei dagokionez ere  aldaketak bideraturik dira; eraikinek ikuskapen teknikoa 2021ko urtarrilaren 1a baino lehenago egin zutenek berriro ere egin beharko dute urtea amaitu aurretik, eta abar.

Isunak

Dekretuaren arabera, 60.000 euroko isuna jaso dezake agindua betetzen ez duenak, urratze arinagatik eta larrienengatik ehun milioi eurorainoko isunak jartzeko aukera du Espainiako Gobernuak.

Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro den Teresa Riberak azpimarratu du malgutasuna egongo dela neurrien aplikazioan, eta helburua ez dela zigortzea, bideratzea baizik.

Batzuek denbora daramate argiak itzaltzen

Iaz zabaldu zen frantses ekintzaile talde baten berri hainbat hedabideetan. Gauez, taldeak denden erakusleihoetako argiak itzaltzen ditu, Parkour izeneko kirola praktikatu eta saltoz salto argiak itzaltzeko botoia sakatuz eta horrela argi kontsumoa gutxituz: Lights Off izena jarri diote mugimenduari.

Gaua iritsi eta dendek haien ateak itxi egiten dituztenean, haien erakusleihoetako argiak piztuak geratzen dira. Hainbat ekintzaile elkartu eta argi horiek itzaltzen hasten dira. Gainera, legea haien alde dute, Frantziako Estatuan erakusleihoen argiek 01:00etatik 07:00tara itzaliak egon behar dutelako.

Hemen The Guardian komunikabidearen bideoa, Lights Off-ean dabiltzan batzuen irudiekin:

 

Zurea bidali