Bizi-baratzea

Agroekologia

Hazietatik abiatuta feminismoa, ekofeminismoa eta agroekologia ezagutzeko aukera
2022-11-14  |  ARGIA

Ekofeminismoa eta agroekologia feminista ezagutzeko aukera egongo da azaroaren 16an Donostian, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. 17:00etan Marta Barba Gassó antropologoak "Tomateen bidaiak. Kolonialismoa, globalizazioa eta bertakotasuna" erakusketan zehar gidatuko ditu herritarrak. 18:30ean Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialariarekin batera solasaldia eskainiko du: "Tomate hibridoentzat ere bizipen desiragarriak ekofeminismotik?".

Hazien ugalketa eta biodibertsitate landua abiapuntu hartuta, ekofeminismora eta agroekologia feministara hurbilduko dira herritarrak asteazken arratsaldean.

Lehenik, Marta Barba Gassók "Tomateen bidaiak" erakusketa ardatz hartuta, 2021ean aurkeztu zuen tesiaren ideia nagusiak azalduko ditu: Aretxabaletako Larrosa bertako tomate barietatea eta Jack barietate hibridoa izango ditu hizpide. Horien historiak azalduko ditu, baita horien haziak nola ugaltzen diren ere, ikuspegi ekofeminista batetik atera dituen ondorioak

nabarmenduz.

Atseden txiki baten ostean, Mirene Begiristain agroekologia feministan aritua solasaldian arituko da Marta Barbarekin: "Nola begiratzen diogu problematika ekosozialari begirada feministatik? Nola uztartu ikuspegi ekologista eta feminista?" galderei erantzuten arituko dira. Aztergai izango dituzte (Agro)ekofeminismoa, eremu horretan identifikatzen dituzten aukera desiragarriak, bazter-eztabaidak, ezjakintasunak, eta erronka lurreratuak.

Bi adituek adierazi dutenez, "Feminismoak egundoko ekarpena egin dio agroekologiari, rolak eta estereotipoak eraldatzeko, lanaren banaketa sexualari begiratzeko edo politika publikoek beste norabide bat hartzeko, lehenengo sektoreari edo emakume baserritarrari begira; baina, era berean, agroekologiak badu feminismoari ekarpen handia egiteko gaitasuna, esentzialismoetan erori gabe”.

Bideo honetan ageri dira bi adituak, asteazkenean herritarrek gozatu ahalko dutenaren aurrerapena egiten: