Bizi-baratzea

Gosea, birsorkuntzaren hazia
2021-09-30  |  Jakoba Errekondo

Argazkia: TheOtherKev / Pixabay

Iraileko edo urriko ilunabarra da eta bidaia arriskutsu bat egitera abiatu da txantxangorria Bretainiako Bresteko portutik: mila metro aldera hegaldatuz, orduan 45 kilometro inguru eginez, eta, ezer txarrik ez bada, goizean goiz Berriatuko Asterrikan izango da, leher eginda. Indar-hustuta lehen lana gosaria aurkitzea izango du. Pagotxa ederra topatuko du; izan ere, urte sasoi horretan zuhaitz, arbola eta zuhaixka ugari fruitua heltzeko bidean da: intsusa (Sambucus nigra), laharra (Rubus fruticosus), elorri beltza (Prunus spinosa), elorri zuriak (Crataegus spp.), gorostia (Ilex aquifolium), andura (Sambucus ebulus), zumalakarra (Frangula alnus), karraskila (Rhamnus alaternus), basaerramua (Euonymus europaeus), endalarra (Smilax aspera), hagina (Taxus baccata), otsalizarra (Sorbus aucuparia), hostazuria (Sorbus aria), maspila (Sorbus torminalis), gurbeondoa (Sorbus domestica), maaltza (Pyrus communis), sagarmina (Malus sylvestris) eta abar. Txantxangorriak ia edozein fruitu jango du. Horien gehienen hazia ere jan, eta fruitua hazi zuen landaretik urrun zirinetan bilduta lurrari emango dio hazi hori. Arbola, zuhaitz eta zuhaixka berriak sortzen lagunduko du, bere ondorengoek udazkeneroko bidaia egiten dutenean gosari gozoa erraz eta oparo aurki dezaten. Txantxangorria neguko hotzenean etxe inguruan ikusten dudanean poztu egiten naiz. Etengabe lanean ari da, urrutira gabeko basoak eta eskaiak sortzen eta birsortzen, bioaniztasuna anizten. Naturaren birsorkuntzaren errotarritzar horretatik kontzienteki aldendu den espezie bakarra geurea da.

Birsorkuntza horretan hazia da landare gehienen sasoi gorena. Haziak biziko ditu landareak amestu dituen bidaia, joan-etorri eta harat-honatak. Eta hazia nolako joanaldia halako. Masusta barruko haziak txantxangorriaren hegaldia egingo du, baina koko (Cocos nucifera) batek inolako presarik gabe lasai asko igaroko ditu itsasoak eta itsasoak, gurutzontzia balitz bezala. Txikoria-belarraren (Taraxacum officinale) haziak ufadatxo txikiena baliatuko du hegazkinik gabe haizearen magalera igo eta paraxutisten eran han edo hemen jaisteko. Lapa-belarraren (Arctium lappa) haziak belkroaren kakoekin ardiaren ilajeari helduko dio, eta, hura larretoki ttikienean bueltaka badabil ere, erori aurreko egunetako bidaldia izugarria irudituko zaio, hazia kakoz janztea erabaki eta lortu zuten bere amonen amonek amestu zuten erakoa.