Bizi-baratzea

Gipuzkoako Ekologistak Martxanek 'Atila Saria' eman dio Irungo udalari, Txingudi arriskuan jartzeagatik
2021-06-08  |  ARGIA

Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteak urtero bezala 'Atila Saria' izendatu du Gipuzkoan ingurumena suntsitzen gehien ahalegindu direnen artean. 2021eko edizioan irabazlea Irungo Udala izan da, Bidasoa-Txingudiko estuarioaren gaineko hirigintza-presioa handitzeagatik, Txingudiko naturagune babestuaren kontserbazio-helburuak arriskuan jarriz.

Pasquier Recondo enpresa Bidasoa ertzean. (Argazkia: Conecta Bidasoa)

Ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Eguna da Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1972an hala ezarri zuenetik, ingurumenarekiko kontzientzia areagotzeko eta ingurumena babesteko ekintza globala sustatzeko asmoz Egun horretan Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteak ebazten ditu 'Atila Sariak', lurralde horretako ingurumenari kalterik nabarmenena egin diotenen artean. V. mendearen lehen erdian Europaren erdia bereganatu zuen Atila hunoen erregeaz esan ohi da hain zela suntsitzailea ezen eta bere zaldiak zanpatzen zuen lurrean ez zela gehiago belarrik hazten.

Ingurumenaren krisia beren erabakiekin larriagotzen duten erakunde eta agintarien artean lehiatutako 'Atila Saria' 2021ean Irungo Udalari eman dio Ekologistak Martxanek, Bidasoa-Txingudiko estuarioaren gaineko hirigintza-presioa handitzeagatik, Txingudiko naturagune babestuaren kontserbazio-helburuak arriskuan jarriz. Ekologistek ohar batean zabaldu dutenez, "Irungo Udala hirigintza-proiektu gehiago egiten ari da eta egin nahi ditu etorkizunean, Bidasoako estuarioa atzera bueltarik gabe hondatuko duen eremu oso sentikorraren gaineko hirigintza-presioa areagotuko dutenak".

Salatu dutenez, apirilaren 30ean, Irungo Udalak akordio bat onartu zuen Pasquier Recondo enpresarekin honek Irunen dauzkan lurzoruak birkalifikatzeko konpromisoa hartuz. Horren arabera, orain arte industria-erabileratik eduki duten lurrak bizitegi-erabilerarako izatera pasatu eta Pasquier Recondok higiezinen promotore bati saltzekotan da 200 etxebizitza eta 245 aparkaleku-plaza eraikitzeko: "Lurzoru hori Hegaztiak eta Biodibertsitatea Zaintzeko Eremu Garrantzitsua den IBA 037 eremuaren barruan dago, eta mugakide ditu Txingudi-Bidasoa KBEa, Txingudi HBBE eta RAMSAR Txingudi Nazioarteko Garrantzizko Hezegunea", dio Ekologistak Martxanek.

Etxebizitzak eraikitzeko birkalifikatu nahi den lurzoruarekin muga egiten duten Txingudi-Bidasoko bi habitatak jada kontserbazio-egoera desegokian daude ebaluatutako parametro guztietan eta, beraz, leku horretan etxebizitza eta aparkaleku kopuru hori eraikitzeak kalte ekologiko itzulezina ekarriko lieke. Nahiz eta Irungo udalak erabakia justifikatzeko esan ez bakarrik txarra ez dela baizik eta zonaldea hobetzeko eta lehengoratzeko operazioa dela.

Pasquier Recondorako hirigintza plan berria Bidasoa ertzean. (Irudia: Irungo Udala)