Bizi-baratzea

Gerrako goseari idi-bihotz zopa
2021-09-16  |  Jakoba Errekondo

Argazkia: David Raynisley / Pixabay

Gosearen gosea ez da ederra izango. Nik ezin dut horretaz iritzirik eman, baina makina bat adibide bada batean eta bestean. Miguel Hernandez poeta espainiarraren “Tipularen lo kantua” gogoangarria, esaterako; bera kartzelan duten artean ogia eta tipula, Allium cepa, besterik jaten ez duen amaren esnea hartzen duen haur ttikiarentzako sehaska abestia.

Gose bide latza ekarri zuen Herbehereetara Bigarren Mundu Gerrak. Alemanen egurra lehenik, eta gero haiek handik botatzeko aliatuena. Bonba guztiak bere buruen gainera. Treneko langileak alemanen garraioa oztopatzen saiatu ziren, eta ordainetan haiek herrialderako janari eta energia hornidura erabat blokeatu zuten. Barrualdeko hirigune handietan ez zen zer janik. Txikizioa izugarria zen, parkeetako eta etxeko lorategiko zuhaitzak erregai gisa erabiltzerainokoa. Hirietako lurrak berdinduta, bizimodua lurrazalaren mailan.

Baziren ordea lurpera begira zirenak: lurpean zuten goseteari aurre egitekoa. Milioika eta milioika idi-bihotz edo tulipa (Tulipa spp.). Lore dotoreen lurpeko erraboila etxeero sekula jan gabekoa. Gobernuarentzat erronka latza izan zen urtero bizimodua alaitu eta udaberria ekartzen zuen idi-bihotzaren lurpeko erraboila jateko konbentzitzea. Propagandarako errezeta liburu eta sukaldaritza erakustaldiez gain, erraboilak janda zein osasuntsu zeuden erakusten zuten enbaxadoreak ere ibili ziren.

Arazo larririk ere sortu zen: idi-bihotzaren erraboilaren ernamuinak barrenak ederki astintzen ditu. Aipamen ugari dago nola erraboilak jaten hasi eta sabela beldurtzeraino puzten zen. Inoizko uzker luze eta zaratatsuenak entzun omen ziren garai haietan. Ikasi zuten ernamuina kentzen eta zopa, ogia eta gailetak, albardatuak, kafearen ordezkoa eta abar ugari egiten. Karlien Metz Herbehereetako Erresistentzia Museoko zaintzaileak dioenez, 1945eko otsailean, anoa ofizialak egunean 340 kilokaloria besterik ez zuen. 2000koa da egun ohikotzat jotzen den hornidura. Idi-bihotzarena erraboila izanik energia iturri aberatsa da, patatak (Solanum tuberosum) baino kaloria gehiago du.

Gaur egun Herbehereetako jatetxe puntakoenak idi-bihotz erraboila lehengai gisara berreskuratu eta erabilera berriak asmatzen ari dira. Haruntza hurbiltzen bazara, gogoan hartu jatetxe hauek: Amsterdamgo Cafe Caron, Zwolleko De Librije eta Nijmegengo De Nieuwe Winkel sonatua. Itzultzean esango didazu.

Gose denbora letorkeen sumatze hutsarekin toki guztietan lurrari begira jendea, etxe guztietan laratza beltza. Gure aitonari makina bat aldiz entzun izan diogu kamionkak aza (Brassica oleracea var. capitata) jan zituela umetan eta gaztetan. Han ere ez zen ba uzkerrik faltako! Mendaroko Eusebio Mugerza Mendaro Txirristaka bertsolariaren puntua jaso zuen Antonio Zabalak “Mendaro Txirristaka bertsolaria” 1974ko liburuan: “Jaten ditugunian / aza ta porrua; / puzkarrik egin ezin, / sabelian orrua”.