Bizi-baratzea

Zaldibarko zabortegiaren krisia

Gasteizko zabortegian 15.000 tona zabor botatzeko baimena eskatu dute zortzi enpresa arabarrek
2020-05-20  |  Maria Ortega Zubiate

Zaldibarko zabortegiko istripuaz geroztik, beste zabortegi batzuetan banatu dituzte zenbait enpresetako isurketak. Gasteizko Gardelegi zabortegiak ia 2.000 tona jaso ditu orain arte, eta 15.000 tona zabor isurtzeko eskaria egin dute Arabako zortzi enpresak. Gasteizko udalak 23.000 tonatan jarri zuen aurtengo muga.

Zaldibarko krisiak EAEko zenbait zabortegitara bideratu zituen Eitzaga auzoan kontrol gutxirekin pilatzen ziren hondakinak. Gasteizko kasuan, 23.000 tona gehigarri onartu zituen otsailean udalak. Ordutik, ia 2.000 hartu ditu jada eta beste 15.000rako eskaria jaso du Naizek argitaratu duenez. Oposizioko zenbait talde ez dira ados agertu, PP adibidez: bi hilabetean nahiko kopuru jaso dutela diote eta 23.000ko muga hori bi urtean erraz pasako dutela.

EAJko Ingurumenaren Kudeaketa eta Planifikaziorako zinegotzi Cesar Fernandez de Landak adierazi du, enpresek eskaerak egiten jarraitzen badute zabortegira sartzen diren hondakinak kontrolatzen hasi beharko dutela.

Zaldibarko istripua gertatu eta egun gutxira onartu zuen Gasteizko Udalak Gardelegik onartuko zituen hondakin kopurua %23 igotzea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak zabaldutako eskaerari jarraiki. Hamabi hilabeteko epea jarri zuen 23.000 tona gehigarri horiek jasotzeko, baina epe hori luzatzeko atea zabalik utzi zuen.

Dena den, oraindik zabor asko dago zabortegi guztietan sakabanatzeko. Izan ere, Zaldibar eta Mutiloaren artean urtean 850.000 tona biltzen ziren Eusko Jaurlaritzaren arabera, EAEn sortzen diren hondakin industrial guztien herena; horietatik 500.000 Zaldibarren bakarrik biltzen ziren.

Beste zabortegietara banatuta, oraindik 250.000 tona banatzeke geratzen zirela kalkulatu zuen Jaurlaritzak. Hori horrela, Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetako hondakinak EAEn bota ahal izateko Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailaren baimena behar zela sinatu zuen Jaurlaritzak.