Bizi-baratzea

Hondakinen kudeaketa Araban

Gasteizko Gardelegi zabortegiak su hartu du ekainaren 28an
2020-06-29  |  ARGIA

Gasteizko Gardelegi zabortegiak su hartu du ekainaren 28 eguerdian. Eguzki talde ekologistak ohartarazi du bertako plastikoak erretzeak osasunarentzat toxikoak diren partikulak sortu ditzakeela eta espediente bat irekitzeko eskatu du, sutearen nondik norakoak eta hondakinen kudeaketan eta ikuskapenetan dagoen kontrola ikertzeko.

Gasteizko Gardelegi zabortegiak su hartu du ekainaren 28 eguerdian. 93 hektarea ditu zabortegiak eta hiri-hondakinak eta industrialak jasotzen ditu. Zaldibarko zabortegira zihoazen 23.000 tona orain bertan botatzen dituzte. Eguzki talde ekologistak ohartarazi du hondakinak erretzea arriskutsua dela osasunarentzat, "kutsatzaileen emisioengatik, hala nola dioxina eta furanoengatik eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoengatik. Gardelegiko plastikoak arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsagarriak sor ditzakete, eta kea eta lurrun toxikoak sortzeaz gain, airearen kalitatea larriki kaltetzen dute, instalazioekin muga egiten duten eremuko (Gasteiz barne) lurrean, uretan eta biztanleguneetan sedimentatuko diren partikulak garraiatzen dituzte". Gardelegiko zabortegia Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazatik 4 kilometrora dago.

Suhiltzaileek zabaldu dute bertako irudien bideoa:

EITBk 17:30etan idatzi duen albistean esan du sutea kontrolpean dagoela.

"Gasteizko Udalaren kudeaketa hondakinak Gardelegiko alfonbra azpian ezkutatzea da"

Eguzki talde ekologistak Gasteizko Udalaren hondakinen kudeaketa kritikatu du: "Gardelegiko makrozabortegiko alfonbraren azpian ezkutatzean oinarritzen da. Europako Zuzentarauaren arabera, hondakinen kudeaketaren azken aukera eta azken maila da zabortegia".

Eguzkik oroitarazi du Europako Zuzentaraua betetzeko Gasteizek 2020rako hondakinen %50 birziklatu behar zuela eta "helburu horren erdira" iritsi dela: "Zabortegira zaborrik bota behar ez izateko lan egiteko garaia da". Hondakinen politika osoa berrikusi behar dela adierazi du: "informazioa, gardentasuna eta kudeaketaren erantzukizuna eskaini behar dira Zaldibarren edo gaur Gardelegin izandako sutearen antzeko egoerak saihesteko. Hondakinen kudeaketak ezin du kudeaketa delegatua ekarri, kudeaketa publikoa eta zuzena baizik, osasuna, biztanleria eta ingurumena defendatzeko, Europako jarraibideen araberako politika bat aplikatuz, eta ahal den neurrian hondakinak murriztuz".