Bizi-baratzea

Gasbidearen mamua lurpetik atera da
2020-07-27  |  Ipar Euskal Herriko Hitza

Estatu anitz zeharkatzen dituen gasbidearen kontrako borroka gogorra izan zen 1990eko hamarkadan Zuberoan, Gaspars elkartearekin. Gasbidearen parte bat gune arriskutsuan delako, bi kilometro berritzeko obrak hasi dira Iruri eta Ozaze artean.

Duela hiru hamarkada jakin zuten zuberotarrek, “prentsaren bidez”, gaur egun Europako herrialde zenbait lurpetik zeharkatzen dituen gasbidea Zuberoatik pasaraziko zutela. Kontrakoek Gaspars elkartea sortu zuten, eta borroka luze baten hastapenak izan ziren. Larrainetik Mitikile arteko hodi sarean bi kilometroko zati bat berritzea erabaki du orain Terega enpresak, Ühaitza ibaiaren mugimenduek —bereziki, uholdeek— hodiak lanjerrean ezartzen dituztelako, inkesta publikoaren txostenean irakur daitekeenez. Obrak hasi berri dituzte.

Lanjerra konfirmatua

Gaspars elkarteko kidea zen Ruben Gomez espeleologo ezaguna, gaur egun Liginagako auzapeza dena. Harentzat, argi da garaian baliatzen zituzten argumentuetan “bat bederen” konfirmatu duela Terega enpresak obrak egiteko arrazoiekin: “Uholdeekin gasbideko hodiak agerrarazteko edo urak eramana izateko arriskua” bazen.

Lourdes hirian gertatu uholdeen ondorioz gasbidean arazoak izanak ere alarma piztu zuen segurrenik, baina Iruri eta Ozaze arteko gas hodien lanjerra zuberotar hautetsiek zioten jakinarazi Terega enpresari: Ühaitzaren ardura duen herri arteko sindikatuak ohartarazi zuen lurpeko hodia soilik metro eta erdiz estalia zela, eta Iruriko auzapezak ere gune horretan Ühaitz bazterraren ezegonkortasuna aipatu zien.

Beste lanjerrak ere aipagai ziren gasbidearen kontra. Ruben Gomez: “Arrisku sismikoa, leherketa teknikoak, lur lehertzeak…”. Halere, Prefetak onura publikoa onartu zion proiektuari, gaur egun obrak egiteko beste behin ere onura publikoa eman den bezala. 1990eko hamarkadan, Gaspars elkarteko presidentea zen Mattin Etxekopar, eta hark Xiberoko Botza irratiari egin adierazpenetan oroitarazi zuen onura publikoaren izendapena kontraesanean erori zela berantago, Larraine aipagai: “Prefekturak onura publikoaren izendapena eman zuen, erranez gasbidea ez zela lanjerosa biztanleak dituen gune sismiko batean, baina hamar bat urte berantago berriz ere onura publikoaren beste delibero bat hartu zuen gasbidearen inguruan eraikuntzak debekatuz. Niretzat, hori da eskandalurik handiena”.

Gasbidea bi kilometro horietan berritzeko, inkesta publikoan proposatuak ziren hiru posibilitateetatik, gehienik, Ozazeko herria hunkitzen duenaren alde trenkatu zen. Ühaitz bazterraren partez, soroetatik iraganez, baina ibaiaren beste aldetik. Abantzu zortzi milioi euro kostako duten obretan, beraz, Ühaitz azpitik pasaraziko dute hodia —Iruriko aldetik Ozazekora—, gero desbideraketa soroetatik kurriarazteko.

Laborarien kalte-ordainak

1990eko hamarkadan baliatu zen estrategia bera plantan ezarri du Teregak aldi honetan: kaltetuei dirua eskaini eta informazio guti hedatu. “Nire herria ez da zuzenki hunkia, baina hautetsiak ez gara abisatuak izan. Jendea ohartzerako gauzak eginak dira; estrategia horrekin zailago da borroka bat abiatzea”, Gomezen ustez. Maite Etxeberria Ozazeko auzapezak obren berri ukaiterako, hain zuzen, hunkia zen laborari batek gutienez bere kalte-ordainak negoziatuak zituen.

Herriko etxeak azkenean obren inguruko hitzarmena izenpetu badu ere, 2018ko irailean oharrak egin zituen obrak herrian eragin litzakeen kalteen inguruan: ibilgailuen joan-jinen ondorioz harrabots kalteak, Aloze eta Ozaze arteko bidearen kaltetzea, herritarren segurtasun arazoak plaza inguruan… Lehenago ere, desbideraketaren hautua egitekoa zelarik, Iruriko ibilbidea hobesten zutela dio Etxeberriak, “hemen laborari gehiago hunkiak direlako; eta horietarik bat lur gutiko laborari bat da, eta hor ditu bere lurrik hoberenak. Guretzat, hori problema bat zen, ez dutena batere entzun”.

Hunkia den laborari ozaztar bat, Maryse Espil, etsiturik mintzo da obren kontrako talderik ezaz: “Norberak, batek berak, ez du deus egiten ahal; borroka bat irabazten ahal da talde bat badelarik. Duela 30 urte, proiektu osoa Larrainetik Mitikilera iragaiten zen, eta laborari andana bat hunkia zen. Orain puska bat da, bi kilometro dira”. Azken aste hauetan, hasiak dira pala mekanikoak lanetan, eta Espili “tripako mina” eman diote. Umorez aipatzen du, lehenik, kalte-ordainena: “Ados, erran diet: eman zentimo bat hortik pasatuko den gas metro kubo bakoitz”. Baina serioskiago segitzen du: “Gure medio da iragaiten, zerendako guk behar ditugu kalteak ukan eta berek benefizioak? Ez dut negoziatu, eta ez dut izenpetuko ere; hori segur”.

Natura 2000 ingurumenaren babes eremu batean kokatzen da obren eremua. Laborariek lurrik irauli ezin duten eremua da, eta zerrailuak mozteko zuzenik ez dute. “Horiek horra dira beren palekin, eta oro xehatzen dute”, salatzen du Espilek. Uxer bat ere jinarazi dute, segurtatzeko lanen ondotik behar dena oro landatua izanen dela. Gainera, desagertze arriskuan den Pirinioetako desmana edo muturluze piriniotarraren bizilekua ere hunkiko dute lanak eginen diren gunean. “Guk behar dugu kasu eman, eta horiek zuzena badute”, gehitu du laborariak.

2018an hainbat herriko kontseilutan aipagai izan bazen ere, oro har harrabots mediatiko handirik gabe hasi dira obra handi hori egiten. Xiberoko Botza irratian argiki eman zuen bere iritzia Andde Üthürriage laborari ozaztarrak: “Ez dute horiek sos arrangurarik, hori segur. Ez du balio horien kontra aritzea, nondik nahi den deliberatu dutelarik iragatea iragaten dira”.