Artzai tontuak ziren mendian ondo bizi da otsoa Txirrita

Bizi-baratzea

Errausketa

Galesen erraustegi proiektu bat atzera botatzea lortu du Extinction Rebellionen protestak
2019-05-14

Swansea hiriko udalak azkenean uko egin dio udalerrian errauste planta berri bat eraikitzeko asmoari, proiektua oso aurreratua eta plangintza batzordearen baimen guztiekin bazetorren ere. Extinction Rebellion mugimenduaren protestek eragin dute Swanseako zinegotziek aho batez atzera egitea, BBCn jaso dutenez.

Biffa konpainiak Llansamlet auzoan 25.000 tona zabor nahasi kiskaltzeko erraustegia proposatu eta eraikitzen hasteko puntuan zen. 2.500 helegitetik gora aurkeztuak zituzten inguruko herritarrek baina ez udalak eta ez bere Kutsadura Zaintzeko Sailak ez zuten ikusten oztopo berezirik herritarren bizilekuetatik hurbil horrelako bat eraikitzeko.

Hondakin biltegiaren aurrean, ordea, kateatze eta protestak izan dira joan den asteotan eta Extinction Rebellion mugimenduak –larrialdi klimatikoari erantzunez Britainia Handian bereziki indartu denak– iragarri zuen ez zuela amore emango bere protestetan: "Orain eta gainera azkar mugitu beharra daukagu [klimaren alde] baina aipatzen den urrats hori okerreko norabidean doa, urtean 20.000 tona zabor eretzeak ekarriko lukeelako airean karbono gehiago isurtzea. Galesko Gobernuak klimaren larrialdia deklaratu du eta Etorkizuneko Belaunaldien Legea plazaratu; hau (erraustegia) horri emandako muturreko bat da. Espero dugu gure protestak mezu sendoa eramango diela zinegotziei, alegia, Swanseako jendea eta inguruko herritarrak proiektuaren oso kontra daudela. Etorkizuneko belaunaldiengan pentsatu behar dute eta ikuspegi orokorrago bat eduki hondakinak kudeatzeko moduaz".

Larrialdi klimatikoaren gaiak, antza, Euskal Herrian baino oihartzun handiagoa dauka Galesen eta Extinction Rebellionen protestek lortu dute emaitza: Swansean ez dute erraustegirik eraikiko.

 


Zurea bidali