Bizi-baratzea

Fruituak  >  Fruitu arbolak

Fruta-arbolen osasuna
2022-02-24  |  Jakoba Errekondo

Lagun baten gomendioa dela medio, Nafarroako Gobernuaren altzoko INTIA nekazaritza institutuko Laborantzen Babeserako atalean dagoen jakinarazpengunetik Fruta-arbolen osasun kudeaketa zuzena egiteko kontuan izan behar dituzun gomendioak dokumentua eskuratu dut, eta baita amaren batean jan ere. Bertan fruta-arbolen izurrite eta gaixotasunak saihesteko erabilgarriak diren hamar aholku agertzen dira.

Aranondoa loretan.

Arbolen inausketa, forma emateko eta fruituaren emana sustatzeko teknika izatetik harago, erabili arboladiaren bentilazioa hobetzeko, onddo hezezaleek dakartzaten gaitzen erasoa eragozteko.

Hartu tamaina ongarriketari eta ureztaketari. Ez da komeni arbolak gehiegizko indarra izatea, horrek izurriteak eta gaitzak ezartzeko baldintzak hobetzen ditu.

Ez utzi uztaren eta inausketaren hondakinak arboladian bertan. Aurrez izandako gaitzen eta izurriteen hondakinak ere hor diraute, berriz ere berritzeko zain.

Inausketa egiterakoan, arbolean balego zauri, hantura edo tumore, txankro edo momifikatutako fruiturik, kendu. Horretarako zauri handiak egin behar badira, zaindu horiek ere. Miatu zorri, kotxinila eta edozein izurrite arrastorik ba ote dagoen ere.

Sasoi betea denean, kontuan izan eguraldiaren gorabeherak, gaitzak eta izurriteak etorri eta asentatzeko zuzen-zuzenean eragiten baitute.

Arbolei eragiten dieten izurrite batzuk kontrolpean izateko, badaude produktu fitosanitarioen erabileraz gain edota horrekin batera baliatzeko ordezko teknikak: harrapaketa masiboak, nahasketa sexuala...

Erabili fauna laguntzailea lagunduko duten teknikak. Bioaniztasuna izurrite ugariren kontrolbide zuzenena da.

Bete jakinarazpengunetik adierazten diren aplikazio orduak, eta erabili arbolarentzako eta arazo bakoitzarentzako baimendutako produktuak.

Loratze garaian, saihestu tratamenduak, eta, erabili behar izanez gero, hobe polinizatzaileen jarduera orduetan ez erabiltzea.

Kontuz hosto erortze sasoian. Erortzen den hosto bakoitzak zauri ireki txiki bat uzten du, gaixotasunak sartzeko bide aproposa.

Gaitzak sortzen dituzten onddoek eta izurriteek ere bizi behar dute, baina gure ekinak harrotu edo baretu egingo dituzte.  


Zurea bidali