Bizi-baratzea

Fruituak  >  Fruitu arbolak

Fruta arbolak inausteko bost aholku
2021-01-22  |  Jakoba Errekondo

Fruta arbolen inausketa lanetarako prest bazaude, bost aholku eman nahi dizkizut.

Hemen da epaila, konturatzerako ihauteria ketan eta martxoa atarian ditugula izango gara. Sasoiari erreparatuz, landaketak amaitu eta epaiketa edo inausketa lanei ekin behar diegu. Inausketak direla-eta, era guztietako burugabeko kirtenkeriak ikusten dira. Jendeak ikusten duena errepikatzen du, Homo errepikans gara. Zuhaitz eta arbolekin egiten diren sarraskiak ezin ulertu dira pertsona ñañarroak bera baino handiagoari dion beldur hezurretaratua ezagutu gabe.

Horren jakinaren gainean, fruta arbolen inausketa lanetarako prest bazaude, bost aholku eman nahi dizkizut. Izan ere inausketak eragin zuzena du arbolan: bere osasuna sendotu edo kaltetu dezake, landarearen egitura indartu edo ahuldu egingo du, uzta handituko edo urrituko du eta arbolaren etorkizunean eta bizimoduan gorabeherak ekar ditzake.

Kontuz fruta azkarregi bildu nahi izatearekin. Batek baino gehiagok pentsatzen du fruta arbola landatu eta hurrengo urtean igali gozoak bilduko dituela. Loraldi ona eta fruta oparo ematen hasteko, egitura, adarjea sendo osatua behar du arbolak. Gainontzean ez arbola eta ez fruta ez dugu izango puska batean. Presarik ez, beraz.

Fruta gehiegi ez. Ez eskatu uzta handiegia arbolari. Frutaren emanak eta arbolaren zurajeak orekari eutsi behar diote. Fruta ekarri baina egurra berrituz. Fruta asko ematen duten arbolek, batez ere pipittadun sagarrondoek (Malus domestica), udareondoek (Pyrus communis) eta aranondoek (Prunus domestica) txandakatzeko joera dute. Hau da, urte batean fruta ugari eman eta hurrengoan ia batere ez. Biz behinerako makurtasun hori fruta-egurra orekarekin onbideratu daiteke.

Inausketak kateatu egingo zaitu. Bukatzen ez den kate batean sartuko zara. Alferrik da noizbehinka edo argia etortzen zaizun urtean bakarrik inaustea. Aurten bai eta gero ez dakit zenbat urtetan ez; irregulartasun horrek sarraskia areagotzen du, adar handiak moztu beharko dira, zauri handiak eraginez eta fruta erabat atzeratuaz. Inaustearen katean sartu bazara, eutsi horri eta egin urteroko lanak.

Azkarregi ez inausi. Zauriak izerdi berriarekin soilik orbainduko dira, martxo-apirilan alegia. Askoz lehenago moztuz gero, zauri horiek gaitzak eta izurriteak sartzeko atari ederra izango dira, eta arbola, haien bazka. Zauri gehiago, eta toki heze eta hotzean hainbat okerrago. Itxaron neguaren amaierari.

Ez gehiegi inausi. Adar handiak kentzea soilik arbola oso zaharrak biziberritzeko ametitu beharko litzateke. Bestela, adar zurgatzaileak, arbola desitxuratzen dutenak eta uzta erabat atzentzen dutenak sorrarazi besterik ez du egingo. 

Pentsatu zure arboletan, zure frutaren emana dakarten amak dira. Kontuz genero indarkeriarekin. Genero horretako epaileen genero indarkeriarekin iaiotutako epaileak behar ditugu.


Zurea bidali