Bizi-baratzea

Fruituak  >  Fruitu zuhaixkak

“Fruituak erosi beharrean etxaldean biltzera geroz eta bezero gehiago dator”
2023-01-26  |  Garazi Zabaleta

Duela lau bat urtetik Kanboko Biperduna etxaldean ari da lanean Anthony Uranga gaztea, barazkiak eta euskal piperrak ekoizten. Orain, baina, proiektu propioa du eskuartean: 2.000 ahabiondo landatuko ditu Biperdunatik hurbil dagoen Arkaitz baserriko lursailean, eta landareak fruitua ematen hasten direnean bildu eta saldu beharrean, bezeroak beraiek izanen dira bilketa tokian bertan eginen dutenak. Funtzionatzeko modu berezi horrez gehiago jakiteko, elkarrizketa egin diogu gazteari.

Nondik nora sortu zaizu ahabiak landatzeko eta modu horretan saltzeko ideia?

Hemen bazen lehenagotik Xixtaberri izeneko baserria, eta horra ahabiak jasotzera joan zitezkeen bezeroak. Bada, justu pareko lursailean instalatuko naiz ni, fruitu kopurua handitzeko asmoz. Izan ere, eskaria urtetik urtera handiagoa ari da izaten, geroz eta jende gehiago dator fruituak bertatik jasotzera.

Nola funtzionatzen du bilketak eta erosketak?

Bezeroak eurak datoz euren eskuekin fruituak jasotzera; modu horretan, prezio hobean eskura ditzakete, eta aldi berean, naturan tarte atsegin bat pasatzeko aukera ere badute, lagunekin edo familiarekin. Behin bezeroak behar duen kantitatea bildu duenean, pisatu eta pisuaren arabera ordaintzen du. Momentu honetan, adibidez, ahabi kiloa 6,50 euro ordaintzen dituzte.

Zergatik erabaki duzu modu horretan antolatzea?

Bezeroek produktua merkeago eskuratzeaz gain, niri ere bilketako lan karga eta ordu asko ekiditen dizkidalako. Guztiok ateratzen gara irabazle, bezeroak nahiz laborariak.

Permakulturan egiten duzu lan. Zer esan nahi du horrek, eta zergatik horrela?

Lurra landu gabeko nekazaritza da permakultura, lurra babesten duena, eta lurra bezala, baita bertako zizare eta organismoak ere. Urtero, landare bakoitzaren oina lastoz estaltzen dut lurra elikatzeko, eta horrek, gainera, ura mantentzeko ere balio du, ebaporazio handiegiak ekiditen dituelako. Azkenean, modu agroekologikoan ekoizteko metodo naturala da, eta ebidenteak dira biologikoan eta permakulturan ekoiztearen onurak.

Proiektua bultzatzeko diru-bilketa kanpaina abian duzu. Zer moduz doa?

Miimosa plataformaren bidez egin dugu kanpaina, eta honezkero ezarritako lehen helburua eskuratu dugu, baina espero dut hemendik urtarrilaren 31ra bitartean bigarren helburua ere –7.000 euro– eskuratzea. Momentuz, erantzun oso positiboa ari naiz izaten, jendeak gustuko du ideia.

Noiz aurreikusten duzu ahabi bilketekin hastea?

Arkaitzeko lursailean lehenbiziko bilketak hemendik hiruzpalau urtera izanen dira, baina hori baino lehen, Biperduna etxaldean baditugu ehun bat landare honezkero, ekainean eta uztailean bilketak egiteko prest daudenak.