Bizi-baratzea

Fruitu aroa, hazi aroa
2020-10-15  |  Jakoba Errekondo

Fruituak biltzeko sasoia da. Fruituak gozatzeko sasoia da. Horretarakoxe sortzen ditu fruituak landareak: guk, animaliok, goza ditzagun. Fruituak jan eta gogoko bihurtu. Gozamen hori betikotzeko, landare horiek ugalduko ditugu: hazia erein edo berdinak sortzeko txertatu.

Fruituen sasoia hazien sasoia da. Hazia da nagusi fruituan. Landarearen kasta luzatu eta hedatzea da haziaren helburua. Helburu horretarako bidea besterik ez da fruitua.

Jateko erakargarria egiten dute zenbait landarek fruitua; jan behar duen animaliarentzat ikusteko modukoa egingo du, kolore deigarriz jantzia eta probetxuzko mami hazkurritsua duena. Marrubia (Fragaria vesca) jan eta azalean dituen haziak ereingo ditugu gorotzetan. Behiak sagarra (Malus domestica) jaten duenean haziak bekorotzean ederki estalita geratuko dira. Hagina (Taxus baccata) goitik behera pozoitsua da (sustrai, zur, egur, hosto, azal...) baina hostaje berde-beltzaren gainean fruitu gorri-distiratsua eskaintzen dio, atsegin handiz, birigarroari; hark mami gorriaren lika gozoaren apeta beteko du, baina barruan doan hazi gogorra ez du bere errotak ehoko, baina errotan eta urdailean azala urratuko zaio, eta gero, zirinarekin batera botatzen duenean, errazago ura hartu eta hozituko da, erneko da.

Beste batzuetan fruitua babesa da haziarentzat. Haziak handiak dira, eta animalientzat gustagarriak. Hazi horiek jan ez ditzaten, fruitua ez da gutiziagarria, ezpainak eta hortzak uxatuko dituena baizik. Gaztainak (Castanea sativa) arantzezko morkotsetan babestuta daude. Intxaurra (Juglans regia) zokoten edo sokolin mamitsu batean bilduta ematen du ondoak. Mami horri kosk ez egin, gero; damutuko zara.

Beste hazi batzuek ileak dituzte; makalak (Populus nigra), txikoria-belarrak (Taraxacum officinale) eta urazak (Lactuca sativa) adibidez, haizeak altzoan hartu eta batera eta bestera biribilketan eraman ditzaten. Haizekirri ahulena ere baliatzen iaioenak hegalak dituzten haziak dira: lizarrarenak (Fraxinus excelsior), ezkienak (Tilia spp.), astigarrenak eta iharrenak (Acer spp.).

Lapa-belarra (Arctium minus) bezalakoek kuskuilu tankerako fruituak ematen dituzte adar muturrean, animalia iletsua edo arropaz jantzia aldamenean igaro eta igurztean, arroparen edo bere ileetan bertan itsatsita urrun garraia ditzan.

Landare amak dio “agur hazia, agur; han edo hemen, betor alaba”.