Bizi-baratzea

Frantziako Estatuko zentral nuklearrik zaharrena itxi dute
2020-06-30  |  Mikel Eizagirre

Fessenheimeko zentral nuklearreko bigarren erreaktorearen itxierarekin Frantziako Estatuko zentral nuklearrik zaharrena zerbitzuz kanpo geratu da ekainaren 30eko gauean. Prozesua ez da erabat itxiko 2040 urtera arte, gutxienez.

Fessenheimgo zentral nuklearra, Frantziako Estatuko zaharrena, ixteko prozesuan barneratu da astelehenetik aurrera, 43 urteko jardueraren ostean. Alemaniako mugaren alboan aurkitzen da Fesseheim, Rhin ibaiaren ertzean. Bertako bigarren erreaktorea behin betiko gelditu da, lehena itxi eta handik lau hilabetera. Lehen erreaktore hark 900 megawatteko potentzia zuen.

Hala, zentralaren erabateko desartikulaziorako prozedura jarri da martxan. Prozesuak hamabost urte iraungo dituela aurreikusi dute, erregai erradioaktiboaren ebakuazioa ere kontuan hartu baitute. Ondorioz, desegitea ez da 2040. urtea baino lehen burutuko. EDF energia enpresak baieztatu duenez, zentrala astearte goizaldean deskonektatuko dute, erreaktoreak % 8ko potentzia lortu duenean, baina prozesua joan den astelehen arratsaldean bertan hasi zen, beraz, gauerdia baino lehen kontsumitu beharko litzateke.

Aspaldiko eskakizuna

Ekologistek hainbat urtez eskatu izan dute Fessenheimen itxiera. Harik eta François Hollande presidente ohiaren kanpainako promesa bihurtzeraino. Emmanuel Macronen exekutiboak asmoa mantendu zuen arren, "jatorri nuklearreko elektrizitatearen eta jatorri berriztagarriaren arteko oreka progresiboa" beharrezkotzat jo du. Gainera, "berotegi efektuko gasen isurketak murrizten jarraitzea" ezarri du helburu, hemendik 2022ra bitartean ikatzezko azken lau zentralak itxiz, Gobernuak otsailean azaldu zuenez.

Frantziako Estatuan martxan dauden 58 erreaktore nuklearretatik beste 12 deskonektatzea aurreikusten dute 2035era begira. Izan ere, ordurako, Gobernuak argindar ekoizpenaren oinarri nuklearraren % 50 murriztea espero du, Fesenheimekoa bezalako desegite osoak egitea ekidinez ordea. Gaur egun, Frantziako Estatuak bere energiaren % 70 zentral nuklearren bidez ekoizten du, munduko beste edozein herrialdek baino gehiago.

Langileen kritikak

Zentraleko langileen eta hiriko 2.300 biztanleen zati zabal baten artean kritikak piztu ditu hartutako erabakiak. EDFko sindikatu batek "eskandalu industrial eta ekonomikotzat" jo du neurria, izan ere, inolako arrazoi teknikorik gabe itxitako lehen zentrala dela iritzi du, eta bertako funtzionamendua "zuzena" zela argudiatu du. Erabakia "hauteskunde populismoa" egiteko hartu dela susmatzen du sindikatuak.

2017an 750 behargin jarduten ziren zentralean, eta desegite-lanetan 60 baino ez dira izan parte hartu dutenak. EDFk langileen % 60 berresleitu ditu, eta ehun azpikontratista inguruk hartu dute parte lan-birmoldaketa prozesuan.

Estatuak hainbat proiektu aztertu ditu zonaldearen amiltze ekonomikoa saihesteko, hala nola, metal erradioaktiboak deskontaminatzeko zentro pilotu bat edota bioerregaien fabrika bat instalatzea, baina oraingoz ez du ezer zehaztu.