Bizi-baratzea

Auto marka guztiek CO2 emisioak murriztu beharko dituzte... luxuzkoek izan ezik
2022-06-13  |  ARGIA

Europako Parlamentuak, 2035eko urtarrilaren 1etik aurrera auto termikoak –diesel, gasolina eta hibridoak– saltzeko debekuaren alde bozkatu zuen ekainaren 8an. Luxuzko autoak, ordea, salbuetsita leudeke.

Koenigsegg markako autoa / Matti Blume. Wikipedia

Europako Batzordeak CO2 emisioak %100 murrizteko proposamenari helduta bozkatu du Parlamentuak debekuaren alde. Halaber, testuak jasotzen du emisioak %55 murriztu beharko liratekeela 2030erako. Proposamena lege bilakatu aurretik Europako Kontseiluak bozkatu beharko du.

Debekuaren gaineko proposamenak polemika eragin du, salbuespen deigarriak jasotzen dituelako.

"Ferrari" zuzenketa

Hedabideek "Ferrari" gisa izendatu duten zuzenketa aurkeztu dute Europako Alderdi Popularreko eta Demokratak eta Sozialistak aliantzako (D&S) zenbait kidek. Helburua: luxuzko autoen fabrikatzaileak babestea. Horrela, urtean 10.000 ibilgailu baino gutxiago saltzen dituzten fabrikatzaileek 2036ra arteko epea izango lukete CO2 emisioak %55 murrizteko.

Proposamenak, berez, badu beste salbuespen bat, Italiako diputatuek bultzatua: urtean 1.000 ibilgailu baino gutxiago saltzen dituztenek, Bugattik eta Koeniksegg-ek, esaterako, 2035etik aurrera ere gasolina autoak saltzen jarraitu ahal izango dute.

Zergatik "Ferrari"?

Pentsatzekoa da komunikabideek zuzenketari  "Ferrari" deitu diotela marka aski ezaguna delako. Aldiz, ziurrenik ez lioke eragingo, urtean 10.000 auto baino gehiago salduko dituelako, adituek diotenez. Batzuek nahiago dute "Lamborghini" zuzenketa deitu, onartuko ez balitz, fabrikatzaile italiarrak bere lehenbiziko modelo elektrikoaren garapena bizkortu beharko lukeelako. Ferrarik, ordea, badu auto bat %100 elektrikoa, 2025erako prest izango dena.

"Ez horren azkar"

"Auto hauek berariazko teknologia eta erendimendu altuko bateriak behar dituzte trantsizio hori egiteko", adierazi du Trantsizio Ekologikorako italiar ministro Roberto Cingolanik, zeina Ferrari konpainiako administrazio kontseiluko kide ohia den.

Salbuespenen aurka gogor mintzatu dira, bestalde, Marie Toussant eurodiputatu ekologista edota Climate Action Network erakundeko Pierre Leflaive.