Bizi-baratzea

Laborantza

Fermin Gorraiz eta Patxiko Irisarri, EHNE Nafarroako lehendakari eta idazkari nagusi berriak
2021-10-04  |  ARGIA

Joan den ostiralean, hilaren 1ean, EHNE Nafarroak VII. Biltzarra egin zuen Artikan eta bertan hautatu zuten datozen lau urteetan nekazarien sindikatua gidatuko duen zuzendaritza.

Erdiko biak dira Gorraiz, ezkerrean, eta Irisarri horiz haren eskuinean. (Argazkia EHNE)

Fermin Gorraiz eta Patxiku Irisarri dira, hurrenez hurren, Nafarroako EHNEko lehendakari eta idazkari nagusi berriak, Nafarroako hainbat sektore eta zonalde ordezkatzen dituzten sei kiderekin batera.

Batzarrak, halaber, Imanol Ibero aurreko presidenteak aurkeztutako azken bost urteetako balantzea onartu zuen. Zuzenketa gutxi batzuekin onartu ziren, halaber, zuzendaritzak barne funtzionamenduaz eta nekazaritza politikaz landutako txostenak. Egindako hausnarketetan, sindikatuan eta oro har lehen sektorean emakumearen edo LGTBI+ kolektiboaren parte-hartzearen gabezia nabarmendu ziren.

Azkenik, amaiera ekitaldian ELBko ordezkari batek, EHNE Konfederazioko beste batek, Nafarroako Gobernuko Itziar Gómez Landa Garapen eta Ingurumen sailburuak, eta EHNE Nafarroako idazkari nagusi eta presidente berriek hartu zuten hitza.

Hitzaldiek, nagusiki, biltzarraren leloa hartu zuten ardatz, Nekazaritza nekazarion esku. Hitz-joko bat eginez, Patxiku Irisarrik “gu ere kontsumitzaileak gara eta, sinesten ez badugu ere, boterea gure eskuetan” daukagula aipatu zuen, erosketa saskitxoan zer sartzen dugun erabakitzeko ahalmena dugula gogoratuz.