Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Euskal Herriko ekoizleen plaza digitala
2022-03-21  |  Garazi Zabaleta

Mondragon Unibertsitateko ekintzailetza graduko hiru ikaslek duela hilabete pasatxo abiatutako proiektua da Goxoa.eus plataforma. Gorka Lizaso, Mikel Arbulu eta Aitor Martin dira bultzatzaileak, eta Euskal Herriko azoka digital gisa aurkeztu dute egitasmoa: “Hiru urtez aritu gara nekazaritza mundua ikertzen, instituzioekin biltzen, hurbileko azokak bisitatzen… eta tartean Kalifornian ere egon ginen hilabetez. Han ikusi genuen ekoizpen ekologikoaren bueltan salmentarako plataforma hauek martxan zeudela duela hogei urte baino gehiagotik”, azaldu du Lizasok. Gurean zegoen hutsunea betetzeko asmoz etorri dira.

“Banaketa kate justuagoen falta sumatzen genuen, eta lehen sektoreak digitalizazio moduko bat behar zuela ere bai”, adierazi du Lizasok. Hain zuzen, sektorearen transformazio digitalaz asko entzun zuten ikerketa prozesuan zehar, baina praktikan, mugimendu handiegirik ez zegoela ikusten zuten. Horrela, Hego Euskal Herriko 40 bat ekoizlerekin harremanetan jarri eta haien produktuak plataformaren bidez saltzea proposatu zieten.

Plataforma erabiltzeagatik ez dute inolako kuotarik ordaindu beharrik, eta haiek dira prezioak erabakitzen dituztenak. “Behin haiena kubrituta, plus txiki bat jartzen diogu guk proiektura bideratzeko”, dio. Banaketa, webgunearen kudeaketa, komunikazioa eta bestelako lan guztiak hartu dituzte hiru kideek haien gain.

Lau izenondo jarri dizkiote bultzatzaileek Goxoa.eus-i: bertakoa, jasangarria, justua eta erosoa; azken batean, bezeroei elikagaiak modu ahalik eta erosoenean eskaintzea baita asmoa. “Herri batzuetan ez da azokarik izaten, beste batzuetan azoka egon bai baina herritar guztiek ez dute bertaratzeko aukerarik”. Batez ere belaunaldi gazteenen artea erosketak egiteko ohiturak aldatu direla jakitun, eskaintzak egokitzeko beharrari erantzun nahi diote, beraz.

Banaketak Gipuzkoa osoko etxeetara

Erosketa osoa bertatik egiteko aukera eskaintzen du plataformak: barazki freskoak, fruituak, esnekiak, ogia, haragia, pasta, olioa… 170 bat produktu dituzte eskaintzan guztira, eta ekoizle bakoitzaren informazio fitxa ere osatu dute webgunean, argazki eta guzti: “Garrantzia eman nahi diogu hurbileko harremanari, elkar ezagutzari eta jendeak ekoizleon lana baloratzeari”.

Gutxienez 25 euroko erosketa egin beharra dago, eta Gipuzkoa osoan etxez etxeko banaketa egiten dute proiektuko hiru kideek. Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan egiten dute banaketa hori, baina horretaz gain, Donostiako Tabakaleran ere jaso daitezke erosketak. Aurrera begira, puntu gehiago irekitzea aurreikusten dute. “Kontziente gara agian ez dela halakoak martxan jartzeko garairik onena, baina itxura ona hartzen ari da, eta espero dugu hemendik bizimodua atera ahal izatea eta inguruan eragin positibo hori ere zabaltzea”, amaitu du.


Zurea bidali