Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Euskal Herriko baserrietan ekoitzitako lupulu ekologikoa
2020-06-25  |  Garazi Zabaleta

Lagunarteko hizketaldi batean dauka jatorria Euskal Lupuloa proiektuak: duela zazpi bat urte garagardoa egiten zuen lagun batek bertako garagardoa benetan bertakoa izatea ezinezko zela esan zion, Euskal Herrian lupulurik ekoizten ez zelako. “Ni baserritarra naiz eta baserri munduan egin dut lan beti. Nire kabuz ikertzen hasi nintzen”. Gorka Iruretagoiena Mujika proiektuaren sortzaileak eman dizkigu azalpenak.

Hasteko, Euskal Herrian noizbait lupulua ekoizteko ohiturarik egon ote zen jakin nahi izan zuen Iruretagoienak, eta bere sorpresarako, 40-50eko hamarkadetan hemengo baserrietan ekoizten zela jakin zuen. “Ez zen garagardoa egiteko ekoizten, ganaduarentzako erabiliko zuten”. Hemen landarea haztea posible zela erakutsi zion horrek.

Espainiako estatuan ekoizten den lupuluaren %98 inguru Leonen egiten dela azaldu digu: “Leonen lupuluaren mundua hobe ikertzen hasi nintzen, eta mundu mailan alor honetan dagoen monopolioa ezagutu nuen: Hopsteiner lupulu enpresa erraldoia da Leongo ekoizpen osoa kontrolatzen duena”. Nekazariek enpresa horri saltzen diote lupulua, baina enpresa da beti prezioak markatzen dituena. Iaz, esaterako, lupulu kiloa 4,80 euro ordaindu zioten nekazariei, eta barietate hori enpresak 30-35 euro inguruan saltzen du.

Hiru baserriren kooperatiba

Billabonako, Asteasuko eta Getariako hiru baserri ari dira momentu honetan Euskal Lupuloa proiektuan, eta eredu ekologikoan dihardute. “Munduko lupulu ekoizpen ekologikoa ez da %1 izatera ere iristen”. Leondik ekarritako hainbat barietaterekin probatzen hasi ziren, eta aldi berean Kataluniako lupulu ekoizle ekologiko bat ezagutu eta harekin elkarlanean hasi ziren. Egun 22 lupulu barietate dauzkate, eta urtero bizpahiru berri ekartzea dute asmo.

Prozesu osoa beraiek egiten dute: landareak ekoitzi, lupulua lehortu, pellet-a egin eta merkaturatu. “Gure artean sarea sortzea izan da asmoa: baserri bakoitzak egiten duen lanaren arabera banatzen ditugu uzta bukaerako irabaziak”. Lehen hiru urteetan ez du irabazirik ematen landareak eta inbertsio dezentea eskatzen du: zazpi metroko altuera hartzen du, eta zutabeak eta kableatua jarri beharra dira. Zailtasunik handiena, ordea, zertifikazioaren alorrean izan dute: “Traba asko izan ditugu lupulua zertifikatzeko. Enpresa handiak monopolioa duenez, haien bidez saltzea nahi zuten. Azkenean, kostata, baina lortu genuen hemengo laborategi batek gure lupulua zertifikatzea”.