Bizi-baratzea

Europar Batasunak CO2 emisioak %55ean murriztea proposatuko du 2030era begira
2020-09-16  |  Mikel Eizagirre

Europako Batzordearen presidente Ursula von der Leyenek “Hitzarmen berdea” delako plan estrategikoa aurkeztu du, negutegi efektua eragiten duten gasen emisioa gutxitzeko.

La Vanguardia egunkariak argitaratu duenez, Europa klimatikoki “kontinente neutro” bihurtzeko asmoa adierazi du Europako Batzordeko buru den Ursula von der Leyenek, datozen hamarkadei begira. Horretarako, “Hitzarmen berdea” izeneko plana aurrera eramatea du lehentasun, zeinaren arabera CO2 emisioen %55a gutxitzea bilatuko den.

Osasun zein ekonomia-krisiek presazko arreta behar dutela aitortu duen arren, klima aldaketaren kontrako neurriak hartzea “nahitaezkoa” dela adierazi du, Europako Batzordearen planari jarraiki.

Isurketak murrizteak industria, zerbitzu, garraio eta energia-sektoreentzat erronka handia ekarriko duela onartu arren, “ezinbestekoa eta atzeraezina” dela uste du. Helburu horren zuzeneko eraginen eta neurrien ebaluazioa irailaren 17an aurkeztuko dute.

Osasuna EBren esku?

Von der Leyenek osasungintzaren arloan ere aldaketa nabarmenak egin beharraz hitz egin du, tartean EBren eskumena izatea: "Osasunean indartsuagoa den Europako Batasun bat eraiki behar dugu" adierazi du, baina horretarako beharrezkoa ikusi du finantzaketa handiagoa izatea.


Zurea bidali