Bizi-baratzea

Europar Batasuna

Europako Batasunak Errusiako petrolioa itsasontziz ekartzea debekatuko du 2023an
2022-05-31  |  ARGIA

Europako Batasunak maiatzaren 30eko bileran erabaki du Errusiako petrolioa itsasontziz ekartzea debekatzea, baina Druzhba petroliobidez ekartzen jarraitzea baimendu du. Errusiako petrolioarekiko enbargo partziala ezarri du, beraz. Errusiatik Europara datorren petrolioaren bi heren ekartzen da itsasontziz.

Europar Batasuneko (EB) agintariek ezohiko bilera egin dute maiatzaren 30 arratsaldean, Errusiaren aurkako seigarren zigor sorta eztabaidatzeko. Errusiako petrolioari enbargoa jarri nahi zioten baina Hungariako lehen ministro Viktor Urban aurka agertu da, kontsumitzen duten petrolioaren %100 Druzhba petroliobidearen bidez iristen baitzaie. Enbargoak aho batez erabaki behar dira eta Hungariaren betoa gainditzeko EBko agintariek formula hau adostu dute: 2023 hasieratik ez dute Errusiako petroliorik ekarriko itsaso bidez, baina Druzhba petroliobidea ez dute etengo, Hungaria, Eslovakia eta Txekier Errepublikak petrolioz hornitzeko beste irtenbideren bat duten arte.

Errusiako petrolioaren bi heren itsasontziz

Errusiako petrolioaren bi heren baino gehiago da Europara itsasontziz iristen dena. Iaz egunero 1,57 milioi upel (%68,5) ekarri ziren itsasontziz eta 0,75 milioi upel (%31,5) Druzhba petroliobidez.

Baina Ukrainan gerra zabalduz geroztik, Druzhba bidetik petrolio gehiago ekarri da: apirilean otsailean baino 10.000 upel gehiago ekarri dira egunero petroliobidetik, eta 500.000 upel gutxiago ekarri dira egunero itsasontziz.

Errusiako petrolio konpainiak prezioa jaisten ari dira nazioartean saltzeko ezartzen ari zaizkien oztopoei aurre egiteko eta horrela, Brent upela 120 dolarren inguruan dagoen bitartean, Errusiakoa 93 dolarrean dago.

Europan ondasunak dituzten errusiar batzuei hauek izoztu egingo dizkiete

Europar Batasunak adostu duen seigarren zigor-poltsa honen barruan daude errusiar norbanakoei aplikatuko zaizkien hauek ere: EBn jabetzak erostea debekatu edo zaildu egingo zaie errusiar herritar eta enpresei eta EBn dituzten ondasunak izoztu egingo zaizkie hainbat pertsonari, esaterako, Kiril Errusiako Eliza Ortodoxoaren patriarkari, Alina Kabaeva Putinen ustezko bikotekideari, eta Ukrainan gerra krimenez salatutakoei.