Bizi-baratzea

Etxeko energia egoera aztertzeko doako zerbitzua jarri du herritarren eskura Goienerrek
2023-01-23  |  ARGIA

Europako funtsekin finantzatutako PowerPoor programaren helburuak dira baliabide energetikorik gabeko herritarrei laguntzeko egitasmoak garatzea, eta finantzaketarako aukera alternatiboak sustatzea. Alor horretan aholkulari lana egiteko formatu ditu hainbat pertsona Goiener kooperatibak, eta herritarren eskura jarri du doako aholkularitza zerbitzua, norbere etxeko energia egoeraren azterketa burutzeko.

"Energia-sistema bidezko batek ezin du inor utzi duin bizitzeko oinarrizko baliabiderik gabe, esaterako, energiarik gabe". Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibaren hitzak dira, zeinaren hitzetan, hasieratik izan duen ondoko printzipioa: "Energiak herritarrena eta herritarrentzat izan beharko luke". Ildo horretako lana Goiener Soziala programaren bidez eraman du aurrera, eta pobrezia energetikoari aurre egin ahal izateko beharrezko tresnak prestatu eta eskuratzeko laguntza eskaini die norbanako zein kolektiboei. Norabide horretan sakontzeko aukera ahalbidetu die Europako funtsekin finantzatutako PowerPoor programak; besteak beste, herritarrei ahalbidetzen die aholkulari baten bisita eskatzea, etxeko egoera energetikoa aztertu dezan. Behin azterketa eginda, beharrik balego, aholkulariek gidaritza eskaini dezakete, "herritarrek neurriak har ditzaten energiaren erabilerarekin lotutako portaerak aldatu nahiz efizientzia energetikoa hobetzeko". Zerbitzua doakoa da, eta interesa duenak eskatu dezake lotura honetan.

2020an jarri zen PowerPoor proiektua martxan, eta Europar Batasuneko zortzi eremutan ari da gauzatzen. Espainiako Estatuan ez ezik, Bulgarian, Kroazian, Estonian, Grezian, Hungarian, Letonian eta Portugalen ere jarri da abian, ondoko helburuekin: baliabide energetikorik gabeko herritarrei laguntzeko programak garatzea, batetik; eta finantzaketarako aukera alternatiboak sustatzea, bestetik –kooperatibak eta finantzaketa kolektiboa aipatzen dituzte–. Pobrezia energetikoa murrizteko herritarrak "konponbidearen erdigunean" kokatu nahi ditu, eta horietan aldaketa bultzatu: "Pobrezia energetikoan egotetik kontsumitzaile informatu izatera igaro, ondoren prosumitzaile (ekoizle eta kontsumitzaile) aktibo izatera iritsi ahal izateko". Orotara, pobrezia energetikoa bizi duten 22.000 etxe baino gehiago barne hartzen ditu proiektuak.

Goienerren arabera, zaurgarritasun egoeran dauden norbanakoen "ahalduntzea" ahalbidetzen du PowerPoor programak. Helburu horrekin, Goiener kolaboratzaile sare zabala ari da koordinatzen, sare horren eginkizuna izanik PowerPoor programak garatutako tresnak eta jakintzak praktikan jartzea. Zehazki, egoera energetiko zaurgarrian dauden pertsonei laguntza pertsonalizatua eskaini ahal izateko formakuntzak ari da aurrera eramaten. Formakuntza burututako pertsona horiek bilakatzen dira aholkulari, eta energia egoera aztertzeko eskakizuna egiten duten etxeetara joateaz arduratzen dira. Aholkularitzaren baitan, ondoko informazioa jarriko da herritarren esku: etxeko energia berriztagarriaren sorrerari, energia aurrezpenari eta efizientziari buruzkoa, batetik; eta bestetik, finantzaketarako bide alternatiboei buruzko informazioa ere eskainiko zaie, komunitate energetikoen, kooperatiba energetikoen edo crowfunding-en ingurukoa kasu.

Horretaz guztiaz gain, proiektua baliatu nahi da pobrezia energetikoaren inguruko bulegoen sorrera bultzatzeko, formakuntzatik pasatako zenbait norbanako eta erakunde eginkizun horretara bideratuz. Horrek ahalbidetuko luke, kooperatibaren arabera, PowerPoor proiektuaren bidez barneratutako jakintzari eta tresnei jarraipena ematea, eta zaurgarritasun egoeran dauden herritarrentzako programak luzatzea. Izan ere, PowerPoor programa abuztuaren 31n emango da itxitzat. Behin programa indargabetuta, "emaitzek arduradun politikoen ezagutza-maila hobetuko dute, eta mundu zabalean zein EBn garatuko diren ekimenetan erabiliko dira".