Bizi-baratzea

Etxeberria etxaldeaz jabetu da Azkarateko Herriko Etxea eta lurrak bi laborarik eskuratu dituzte
2022-08-17  |  ARGIA

Irailean enkantean jartzekoa zen Ainciburu familiaren ondasuna Azkarateko Herriko Etxeak erosiko du azken uneko akordio bati esker eta bi laborariren esku geratuko dira hango lurrak.

Maiatzean etxaldearen enkante bidezko salmenta geraraztea lortu zuten herritarre, Mediabasken bideoko kaptura honetan ikus daitekeen bezala.

Etxeberria etxaldea eta bere lurrak espekulazio urbanistikoaren arriskupean zeuden joan den maiatzaz geroztik. Ordukoan, herritar eta laborari ugarik, ELBk eta Lurzaindiak deituta eragotzi zuten Azkarate herrian Ainciburu familiak duen ondasun hori enkantean saltzea, Baionako Auzitegian "Euskal Herria ez da salgai!" oihuka eta protestan sartu ondoren.

Ainciburu familiak ondasun ugari ditu Baigorri-Ortzaize eskudaldean, aspaldian bertan bizi ez den arren; Azkaraten denera 14 hektarea lur eta bi etxe. Espekulaziorako erabiliak izan zitezkeela jakitun, horien balioa aurrez jarri eta ondasunez jabetzeko asmoa azaldu zuen Azkarateko Herriko Etxeak. Familiak, ordea, enkantearen bidea hartzea nahiago izan zuen eta irailean zen hurrengo hitzordua.

Orain, ordea, Naiz hedabideak eta Euskal Irratiek jakinarazi dutenez etxaldea Herriko Etxeak erosiko du azken orduko akordio bati esker eta bere lurrak bi laborariren esku geratuko dira, EPFL tokiko lurzoruaren erakunde publikoaren laguntzarekin.


Zurea bidali