Bizi-baratzea

Etorkizuna sortzen
2020-09-14  |  Jakoba Errekondo

Permakulturaren sortzaileetako bat den Bill Mollisonek, datorren kapitalismoaren kolapsoaren osteko suntsiketari aurre egiteko aholku hauek eman ditu.

Tolosaldeko Atarian elkarrizketa dotorea egin diote Andres Etxeberria Iztueta berastegiarrari eta gai ugari gozo bezain gordin goldatu ditu. Kazetariak zera galdetu dio artzain eta artisau jantziari: “Egoera honek zer gogoeta sorrarazi dizu?”; eta bere erantzunean, “uste izan dugu, mundu honetan dotore bizi garela, atzera egiteko eta gauzak okertzeko aukerarik gabe biziko ginela... Ekonomia arazoa badator eta lehen sektorean lanik egin nahi ez duen gizartea eraiki dugu. Egoera honetan itzuliko al gara lurreko lanetara, asentatuko al gara, egoera fantasma hauek utzita? Beheraxeago etorriko al gara, atzerapauso txiki bat eginda? Hauxe nire gogoeta”.

Permakulturaren sortzaileetako bat denak, Bill Mollisonek, datorren kapitalismoaren kolapsoaren ondorengo suntsiketarako nola prestatu eta gaitu behar garen esan berri digu. Aholku batzuk eman ditu, gutako bakoitzak ahalik eta azkarren abian jar ditzagun. Ea bada.

Lurra lantzen hasi, baratzea ez ezik, oinarrizko laboreak (artoa, garia eta abar) eta zuhaitzak eta arbolak (fruta arbolak, zuretarakoak...).

Lurrarekin lotu. Zeurea ez bada, senideren batena, auzokoa. Lurra lantzearen parte izan; hirian baino denbora gehiago igaro lurrean: erein, landatu, eraiki, hondakinak berbizitu, natura osatu...

Trebetasun praktikoak landu: sukaldea, zurgintza, joskintza, tresneria konponketa, eta abar. Eta jakintza horiek partekatu.

Elkarri laguntzeko talde bat aurkitu, elkar zaintzeko eta oinarrizko premiak elkarrekin asetzeko: higiene produktu naturalak, sendabelarrak, elikagaien eraldaketa.

Bizimodua erraztu, denbora eta espazioa berreskuratuz. Dirurik gabe egin daitekeen guztiaz jabetu: ariketak, eskulanak, sozializazioa, lorazaintza...

Gero eta gehiago kontsumitzeko logikatik urrundu. Artisau produktu kalitatezkoak  eta ekoizle txikiek egindakoak lehenetsi. Trukea sustatu, eta balio afektiboa saritu.

Bertako haziak zaindu.


Zurea bidali