Bizi-baratzea

Estrasburgoko unibertsitateak negu honetan bi astez ateak ixtea espero du energiaren prezioagatik
2022-09-20  |  ARGIA

Gabonen ostean, urtarrilaren 3an beharrean 9an zabalduko ditu ateak eta otsailan astebetez etxetik jarraituko dituzte klaseak. Sindikatuak ez daude ados neurri hauekin eta manifestazioa deitu dute.

Le Mondek azaldu duenez, energia aurrezteko hartuko dituen neurrien artean dago eraikina 19 gradutan mantentzen duen berogailua “ahalik beranduen” piztea eta komunikazio kanpaina bat egingo dute “planeta jasangarriago bateranzko ekokeinuen alde”.

Unibertsitate honek ia 57.000 ikasle izan zituen 2020-2021 ikasturtean, eta energiaren faktura zerutara igotzen ikusten ari da. 2021-ean 10 milioi euro gastatu zituen argindar, gas eta berogailua eta 2020an berriz 13 milioi euro. 2023-rako 20 milioi euro aurreikusi ditu.

“Telelan behartua da”

FSU sindikatuak salatu du ikerketa jarduerak galtzen aterako direla neurri hauekin, laborategietarako sarbidea gutxituko baita. Neurri hauek “behartutako telelana” direla dio sindikatuak eta honen ondorioa izango dela langileek etxetik lan egiten duten aste horretan “berogailu eta argindar kostuak euren gain hartu beharko dituztela”.

CGTk gogorarazi du “telelana norberak hala erabakita soilik egin daitekeela eta distantziako irakaskuntza ezin dela izan estatuaren inbertsio eza estaltzeko modua”. Honen arabera “erabat onartezina da estatuak bere gastuak (berogailua, internetera sarbidea, argindarra…) langileei eta ikasleei pasatzea.

Sindikatuek hau salatzeko laneko etenaldia eta manifestazioa deitu dituzte irailaren 29rako.


Zurea bidali