Bizi-baratzea

Errausketa

Estrasburgoko erraustegiak neurketak faltsutzen dituela erakutsi dute bi langilek
2019-11-27  |  Zero Zabor

Estrasburgoko (Altsazia) erraustegian teknikari lanetan aritu diren bi langile kualifikatuk Rue89-Strasbourg kazetan azaldu dute nola errauste planten jabeek baliatzen duten beren buruen kontrolatzeko legeak ematen dien ahalmen zabala erraustegiaren isuri toxikoak faltsutzeko. Iruzur horri esker saihesten dituzte administrazioak ezarri beharreko isunak (txikiak, egia) eta baita beren errauste plantetan kutsaduren emisioak hobeto kudeatzeko egin beharrezko diru inbetsioak ere.

"Bi urtetan ikusi dut gutxienez hamar aldiz nola enpresak iruzurra egiten zuen kutsadura datuetan", honela mintzatu zaio Christophe (izen asmatua, langilearen nortasuna babesteko) Rue89 Strasbourg kazeta elektronikoko Guillaume Kremppi. Honek bi teknikari-ohiren lekukotasunak bildu ditu "Bi erraustegi altsaziarrek beren isuri kutsagarriak nola mozorrotu ahal izan dituzten" kronikan.

Sistema oso erraza da eta auto-kontrola deitzen da: erraustegiek berek kontrolatzen dituzte beren kutsadurak eta haiek erabakitzen dute departamenduko ingurumen agintariei (Frantzian DREAL siglaz ezagunak) zein datu eta nola bidali. Auto-kontrol horretarako dauzkaten sistemetako bat da konbustioa analizatzeko sistema. "Arazoa da –argitu du Cristophek– sistema informatiko horien egileek kodeak bezeroei ematen dizkietela". Horri esker, kutsadurak halako maila jakin bat gainditzen baldin badute, erraza da emaitzak informatikoki ezabatu edo aldatzea. "Errauste labea abian jartzerakoan, edo labera iritsi behar ez zuten zaborrak iristen direnean, PVCzko leihoak esate baterako, horiek erretzean azido kloridrikoa eta errautsak ziztu bizian igo daitezke. Eta orduan, arauetan sartu ahal izateko datuak manipulatzen dira 'zati 10' eginez".

Kazetariak programa informatikoaren egileengana ere jo du eta hauek esan diote bezeroak ezin manipulatuzko datuen kopia gordetzen dutela haiek eta agintarien esku dagoela, baldin eta nahi badituzte enpresak gero administrazioari erakutsi dizkionekin konparatu. Hori bai, esan du enpresa informatikoak, DREALeko agintariek inoiz ez dizkiete datu erreal-erreal horiek eskatu.

Kazetariak publikatu behar zuena erakutsita, DREALetik bidali dizkiote Altsaziako beste erraustegiaren kontrol jarraiaren datuak, Colmar hirikoarenak. Agiri eta grafiko horiek aztertu ditu kazetariak teknikari batekin eta azkar ohartu dira ondoriorik ezin atera ahal izateko moduan daudela antolatuta, eguneroko mediak batetik, datu eta kurba uholde bat bestetik. Kazetariak Colmarreko erraustegiaren zuzendariari eskatu dizkio datu zehatzago eta osoagoak, baina honek erantzun ere ez.

Estrasburgoko erraustegian 2014an demostratu zen kutsadura gehiegizko batzuk batzuk legez kontra mozorrotu zituztela, orduan ere enpresako langileek informazioa aterata, beren lanpostua arriskatuz: "Ikusten da egun osoko datuak, labeak martxan zeudela bildu beharrekoak, kontabilizatu gabe zeudela azken sistema informatikoan, onartutako kutsadura mailak gainditzen zituztelako". Rue89 Strasbourg-ek elkarrizketatutako langileetako batek argitu du datuen faltsutze honen helburu nagusia ez zela isunak ekiditea, isunak hain handiak ez direlako; aldiz, konpainiarentzako garrantzia handiagoakoa zela ez egitea kutsadura gutxitzeko erraustegian egin beharreko hobekuntza lan garestiak: "Elektrofiltroak eta kea garbitzeko sistemak hondatuta daude han aspalditik, gaur ere berdin segitzen dute, lan horretan jarraitzen duten kideek esan didatenez. Horretan inbertitu beharra zeukaten arauetan normaltasunez sartu ahal izateko". Kasuan demostratu zen erraustegiaren kudeaketa daraman Senerval konpainiak enplegatuei eman ziela... kutsadura handiegia zenean datuak faltsutzeko gida zehatza!

Aurten bertan Estrasburgoko erraustegiak behin eta berriro gainditu ditu dioxina emisioak, zehazki abuztuaren 21aren eta irailaren 19an. M3-ko 0,17 nanogramo dioxina isuri zituzten, maila m3-ko 0,10 ng-tan dagoenean. Baina hori media zen, zeren eta bi labeetako batek m3-ko 0,23 ng eman zituen. DREALeko arduradunak (patxadaz, hori bai) erraustegian azaldu ziren... azaroaren 4an. Tamala: inspektorea azaldu zenean, kasualitatez bi labeak itzalita zeuden.