Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

"Espiritua elikatu eta eguneroko bizitza osatzen digute etxeko landareek"
2020-11-12  |  Garazi Zabaleta

Kalean da Jakoba Errekondok ARGIArekin argitaratu duen Etxeko landareak liburua. Baratzetik etxeetarako eta lorategietarako saltoa eman du liburu horretan, eskaria bazegoela ikusita: “Batzuek baratzea badute, baina etxe barruan, lantokian edo beste edozein lekutan landareak ia jende guztiak ditu”, dio.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer aurkituko du irakurleak liburuan?

Hasierako zatian landareen zaintza eta ezagutzarako oinarrizko gaiak azaltzen dira: zaintza lanak, argia, elikadura, landareak nola aukeratu, birlandaketak nola egin, aireztapena, ugalketa eta abar. Gaitzei eta izurriteei beste atal bat eskaini diegu, eta horretan sail bitxi bat ere badu: etxe barruko airearen kutsadura garbitzen duten landareen ingurukoa. Liburuaren zatirik handiena, dena den, landareen fitxek osatzen dute: 92 landareren fitxak daude. Historia, jatorria, izena nondik datorkion, deskribapena eta argazkia, barietate ezberdinak, izan ditzakeen gaitz eta izurriteak, trikimailuak… hori guztia azaltzen da fitxa bakoitzean.

Norentzat izanen da erabilgarri?

Landareei buruz gehiago jakin nahi duen edonorentzat egin dugu: historia hobeki ezagutzeko edo izenak eta landareak berak nondik datozen ikasteko. Hemen ditugun landare gehienak tropikoetakoak dira, eta liburuan euskarazko izenak proposatu ditugu. Orain arte landare horietako askok ez zuten izenik euskaraz, egunero iristen baitira landare berriak. Izen zientifikoa badute eta ingelesetik datorrena ere bai, baina jatorrizko herrian duten izena euskarara ekartzen saiatu naiz. Jatorrizko herrietako hizkuntza eta kulturetan duen esanahira jo dut batez ere euskarazko izendapenak egiteko.

Baratzeko landareek fruituak ematen dizkigute. Zer ematen digute beste landare hauek?

Hauek edertasuna eta gozamena ematen digute, konpainia egiten, hobeak izaten laguntzen digute, loratzen dira eta haiekin gu ere loratzen gara. Baratzeko landareek elikagai fisikoak ematen dizkiguten bitartean, hauek gure espiritua elikatzen dute, gure eguneroko bizitza osatu. Landareok gustukoak dituen jendea ezagutzean edo landareei hitz egiten dioten emakume bat topatzerakoan, nabarmena izaten da hori. Horregatik eskaini diet haiei liburua.

Badugu Euskal Herrian etxeak eta atariak landarez apaintzeko ohiturarik?

Badago ohitura, bai. Baserrietan, etxe arruntetan eta toki askotan marabilak ikusten dira, eta nik uste balkoi eta terrazetan ere geroz eta gehiago ikusten direla. Gainera, orain datorkigun bizimodu honetan nik uste dut geroz eta indar handiagoa hartuko dutela.


Zurea bidali