Bizi-baratzea

Elikadura burujabetza  >  Eskola jantokiak

Eskola jantokietako soberakina herritarren esku dago gaurtik aurrera Hernanin
2021-05-04  |  Estitxu Eizagirre

Hernaniko Udalak janaria xahutzea saihesteko eta hondakin organikoak gutxitzeko Zero zabor hozkailua ekimena jarri du martxan. Txantxila auzo inguruan kalean jarri duten makina gaur bete dute lehen aldiz Aratz eta Langile ikastetxeetako ikasleek: haiek dira jangelan sobratu zaien janaria ontziratzeaz eta kaleko makinara eramateaz arduratuko direnak. Pertsona guztientzat dago eskuragarri janari hau, eta ez da ordaindu behar.

Argazkia: Mikel Olabide.

Eskola jantokietan janariaren %8 inguru zaborretara botatzen zela ikusita, Hernaniko Udalak Zero zabor hozkailua jarri du martxan: janaria saltzen duten kaleko makina horietako bat da, baina berau herriko seigarren mailako ikasleek hornitzen dute, jantokian sobratu zaien janariarekin.

Ehun ontzi gordetzeko aukera ematen du hozkailu honek. Gaur bete dute lehen aldiz Aratz eta Langile ikastetxeetako ikasleek. Proba pilotu honen emaitzaren arabera, herriko beste ikastetxeei programan parte hartzeko gonbidapena egingo die Udalak.

Jantokian sobratu den elikagaiak kudeatzeko ardura hartzen ikasiko dute 6. mailako ikasleek. Argazkia: Mikel Olabide.
Erabilera arau bitxiak

Makinara hurbiltzen denak, espero lezake "sartu txanpona eta sakatu botoia" bezalako oharrik, baina ez du horrelakorik aurkituko Hernaniko makina hauetan. Jaki hauek doan etxeratu ditzake edonork, baina merezi du arauak irakurtzeak, ekimen honen filosofia islatzen baitute:

1) Pentsatu besteengan, hartu soilik behar duzuna.

2) Elikadura intolerantzia edo alergiarik baduzu, kontrolatu hartzen duzuna eta kontsumitu aurretik, etiketa ondo irakurri.

3) Iraungitze data konprobatu. Epez kanpo dagoen ontzirik ez kontsumitu.

4) Ontzien erabilera eta kontserbazioa: Hozkailu honetako ontziak etiketan ezarritako tenperaturan kontserbatu behar dira, eta, hortaz, hozkailutik eskuratutako ontziak, ahalik eta azkarren kontsumitu edota gorde behar dira hozkailu batean 4 ºC-tan edo izozkailu batean -18ºC-tan. Ezin da hotzaren-katea eten. Ontziak ez du inoiz ordu erdi baino gehiago (30 minutu) egon behar girotenperaturan. Kontsumitzaileak bere gain hartu behar du elikagai baten segurtasunari buruzko erantzukizuna, ontzia eskuratzen duenetik, mahai gainean jartzen duenera arte.

5) Hozkailua pertsona guztiek erabil dezakete eta erabili behar dute, haien egoera sozioekonomikoa edozein dela ere. Helburu nagusia, elikagaiak alferrik ez galtzea da eta horretarako, ontziak ahalik eta lasterren kontsumitu behar dira.

6) Hozkailu honetan utzitako ontziek ez dute jaberik, eta, beraz, proiektuaren partehartzaileak diren Hernaniko ikastetxeak eta Hernaniko Udala osasun-erantzukizunetatik salbuetsita daude. Jasotzen duen pertsonari dagokio erantzukizuna.

7) Ontzia eta honen estalkia konpostagarriak dira eta hortaz, behin hustuta organikoarekin batera (kubo marroian) bota beharko dira.

Lehen egunean oilaskoa tokatu da. Argazkia: Mikel Olabide.

 


Zurea bidali