Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Eskola-jangela eredua eraldatzeko momentu klabea
2021-04-22  |  Garazi Zabaleta

Hainbat alorretako 35 bat eragile –sozial eta sindikalak, baserritarrenak, eskolak eta familiak– biltzen dira egun Gure Platera Gure Aukera mugimenduan, asmo argi batekin: eskoletako jantokien eredua eraldatzea. Sarea sortzen online topaketa egin dute martxoaren 27an. Antolatzaileen harridurarako, 75 pertsonak eman zuten izena. Indar horrekin eta Hezkuntza sailan egon diren pertsona eta jarrera aldaketekin aurrerapauso garrantzitsuak emateko momentu egokia dela uste dute mugimenduko kideek.

2015ean sortu zen Gure Platera Gure Aukera mugimendua, edo behintzat, urte horretan hartu zuen egungo izena. “Lehenagotik ari ginen zenbait eragile eskola-jangelen gaia lantzen, baina orduan erabaki genuen mugimenduari forma eta identitatea ematea”, azaldu du Eneko Viñuela Bidezko Elikadura elkarteko koordinatzaileak eta mugimenduko kideak.

Salaketatik eraikuntza fasera

Mugimenduaren lehen urteetako lan-ildo nagusia eskola-jantokien egoeraren inguruan jendartea informatzea eta gaiaren zabalpena egitea izan zen. “Egungo jantokiak ez dira ez bidezkoak ezta jasangarriak ere, eta kalitaterik ere ez dute. Horren salaketa lanean aritu ginen batik bat”, dio Viñuelak. Hain zuzen, 2016an zazpi catering enpresek isunak jaso zituzten merkatua haien artean adostu eta familiei iruzur egiteagatik. “Ordutik Jaurlaritza konturatu da egungo eredua zaharkitua dagoela eta hasi da pixkanaka pauso txikitxoak ematen”, gehitu du.

Salaketatik eraikuntza fasera pasatzeko inflexio puntua 2019ko urriaren 24an eman zen, Legebiltzarrean enpresen iruzurrak ekiditeko eta eskola-jantokien kalitatea bermatzeko hainbat neurri adostu zituztenean. “Akordio horretan sinatu zutenaren arabera, eskolek sukalde propioa edukitzeko eskubidea izanen dute. Egun EAEko eskolen %30ak bakarrik duela kontuan izanda, aurrerapausoa litzateke”. Jantokien kudeaketa eredu osagarri bat eratzeko beharra ere adostu zen bertan.

Eredu berria eraikitzen hasteko topaketa

Aldaketak lortzeko momentu garrantzitsua dela-eta, hainbat eskualdetako taldeen artean topaketa egin zuten martxo bukaeran. “Euskal Herri osoan jantoki eredua eraldatzeko lanean ziharduten taldeen dei asko ari ginen jasotzen azken aldian Gure Platera Gure Aukeran, eta haien artean ezagutzeko eta ideiak eta baliabideak elkarbanatzeko helburuz antolatu genuen topaketa”, dio Viñuelak. Antolatzaileen harridurarako, 75 pertsonak eman zuten izena. “Arrakasta izugarria izan zuen. Bagenekien gaiak interes handia pizten zuela, baina ez hainbeste pertsona aldaketarako pausoak emateko prest zegoenik; uste baino jende gehiago dago gaian inplikatua”.

Indar horrekin eta Hezkuntza Sailean egon diren pertsona eta jarrera aldaketekin aurrerapauso garrantzitsuak emateko momentu egokia dela uste dute mugimenduko kideek. Lau eskoletan urteotan egondako esperientzia pilotuek, gainera, kudeaketa eredu alternatiboak posible direla erakutsi dute. “Osasuntsua, kalitatezkoa, hurbilekoa eta ekologikoa izanen den elikadura sistema eraiki beharra dugu eskola-jantokietan ere. Sarea indartzeko lanean jarraituko dugu guk, proiektuak garatu nahi dituzten eskolen bidelagun izaten”. Eskola Kontseiluetan eskaerak egitera dei egiten diete herritarrei.


Zurea bidali