Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Erreleboarena da krisia, ala elikadura sistema osoarena?
2021-01-08  |  Garazi Zabaleta

Nekazaritza-erreleboaren inguruko jardunaldiak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitateak abenduaren 14an eta 17an, FIT4FOOD2030 egitasmoarekin eta Openbide eta Bizilur elkarteen laguntzarekin. Gazte berriek inkorporatzeko dituzten zailtasunak, sektorearen erakargarritasun falta, lurra eskuratzeko oztopoak… asko dira errelebo faltaren eta sektorearen zahartzearen atzean dauden arrazoiak. Horiek xehatzea eta nekazaritza-erreleboa bermatzeko erronkak azaltzea –edo, behintzat, zenbait pista ematea– izan zuten helburu jardunaldiek. Zoe Brenten mintzaldiaren zatitxo bat jaso dugu artikulu honetan. Transnational Instituteko Justizia Ekonomikoko ikerlaria da bera eta elikadurari, lurrari eta urari lotutako politikez ikertzen dihardu.

Zoe Brent.

Europan, belaunaldien arteko erreleboan eragin zuzena du Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) –gaztelaniaz PAC bezala ezagutzen denak–. “1959an hasi zen Europako pollitika hori lehen sektorea babestu, ekoizpena bultzatu eta gosearen kontra egiteko helburuarekin, baina urte hauetan guztietan asko aldatu da”, esan zuen Brent ikerlariak sarreran. Hain zuzen ere, NPBak nekazaritza-erreleboan duen eragina ulertzeko, bere garapeneko hiru momentu garrantzitsu azpimarratu zituen: 1992a, merkatu eta prezioen liberalizaziorako pausoak ematen hasi zirenean; 1999a, lehen sektoreaz harago landa garapenerako beste ikuspegi bat gehitu zenean –turismora eta beste sektore batzuetara ere fondoak bideratuz–; eta 2003a, “desakoplamenduaren” erreforma egin zenean.

Azken erreforma horrek gaur egun arazo nagusietakoa bilakatu den lurrerako sarbidean eragin zuzena izan du, Brentek azaldu zuenez: “Ordura arte NPBtik zetozen diru-laguntzek ekoizpenarekin zuten lotura, baina momentu horretan hori aldatu eta hektareekin lotzen hasi ziren”. Hau da, laguntzak lur kantitatearen arabera jasotzen hasi ziren laborariak, eta horrek lurren alokairua eta lagatzea nabarmen zailtzen du. Europa osoan lursail handien kontzentrazioa areagotu zen erreforma horrekin batera.

Errelebo falta, gaitz baten sintoma

Krisi egoeran dagoen elikadura sistema oso baten zati txiki bat bezala ulertzen du Brentek belaunaldien arteko erreleboa. “Baserritar belaunaldi berrien instalazioa babesten ez duen ekoizpen eta harreman sistema baten baitan kokatu beharra dugu erreleboaren krisia. Egun nagusi den elikadura sistemak ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanetan, pertsonen osasunean eta lan arloan eragin zuzena du. Geroz eta eskala handiagoko ekoizpenekiko menpeko da, eta lan indar prekarizatu edo erdi-esklaboan oinarritzen da”.

Erreleboa bermatzeko eta elikadura sistema justuago bat edukitzeko, ikerlariak nahitaezko jotzen du bestelako ekoizpen eredu baterantz pausoak ematea. “Horretarako, baina, aldaketa asko eman beharko dira sektorearen eta instituzioen arteko harremanetan”, gehitu zuen.


Zurea bidali