Bizi-baratzea

Erraustegirik ez, ez Bergaran, ez inon
2022-05-06  |  Larramendiko Arnasa

Eusko Jaurlaritzak Valogreeneri atea ireki dio Bergaran erraustegi bat ipintzeko. Erabaki horrek agerian utzi du Eusko Jaurlaritzaren asmoa: pribatuen interes ekonomikoen alde egitea, herritarren osasunaren gainetik. Horretaz gain, maila demokratiko eskasa erakutsi du, ez baititu erantzun zehatzik eman alegazioei eta Bergarako HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) ez du kontuan hartu. HAPOk ez du hondakinak tratatzeko gunerik jasotzen ezta araztegirik ere, eta Valogreenek bi jarduera horiek ezarri nahi ditu.

Bestalde, herritarrok izan behar dugu honako alderdi hauen berri:

Valogreenek hondakinak tratatzean isuri toxikoak sortuko ditu; besteak beste, metal astunak, dioxinak eta furanoak, eta proiektu teknikoan ez da azterketa espezifikorik egin haien efektua ikertzeko. Jarduera kokapena ez da egokia, etxeak hurbil baitaude: baserri batetik 125 metrora, Basalgotik 440 metrora eta Bergarako hirigunetik kilometrora. 

"Valogreenek hondakinak tratatzean isuri toxikoak sortuko ditu; besteak beste, metal astunak, dioxinak eta furanoak"

Valogreenek eta Eusko Jaurlaritzak karearen ekoizpenerako instalazio bat saldu nahi digu, baina ez da egia. Instalazioan hondakinak lehengai gisa baino ez dira sartuko, urteko 155.000 tona papergintzako hondakin hain zuzen (162.00 tona urtean Zubietako erraustegian), eta erraustuko dute. Ondorioz, urtean hau sortuko du:

8.000 tona hondakin arrisku

90.000 tona ur zikin.

592.000 tona ke.

10 tona merkurio airera.

Isuriak 365 egun 24 orduz, baina kutsatzaile arriskutsuenak (dioxinak, furanoka, metal astunak,…) urtean sei orduz bakarrik neurtuko dira. Nola jakin dezakegu ez direla mugak gaindituko?

Eusko Jaurlaritzak, hori jakinda ere, defendatzen du proiektua bat datorrela iraunkorreko helburuekin.

Nola fida gaitezke horrelako gezurra defendatzen duen erakunde publiko batekin? Ulertezina da eta jarduera hau gelditu behar dugu. Erraustegirik ez, ez hemen ez inon.