Akazia lore, antxoa urre

Bizi-baratzea

Errausketa

Erraustegi bat atzera bota dute Eskozian, urteetako borrokaren ostean
2019-06-06  |  ARGIA

Hamilton hirian egitekoa ziren erraustegia atzera bota dute, azpiegitura bultzatzen ari zen enpresak Eskoziako Gobernuaren aurrean jarritako helegitea kendu ostean. Erraustegiaren aurkako kanpainako kideek garaipena ospatu dute.

Daily Record egunkari eskoziarrean irakur daitekeenez, Hamilton hirian, Whistleberry Road inguruan Clean Power Properties enpresak egin nahi zuen erraustegia ez da egingo.

Enpresa horrek atzera egin du 2013tik borrokan ari diren bizilagun eta tokiko erakundeen auzibidean, eta South Lanarkshireko eskualdeak emandako ezezkoari jarritako helegitea kendu egin du. Bi proiektu zituen aurreikusita enpresak toki horretarako, bata askoz handiagoa –90 metro garaierako tximiniarekin–, baina bata zein bestea bota dituzte atzera.

Hamiltoneko eta inguruko herritarrak kanpaina luzean aritu dira erraustegiaren kontra –enpresak 100 milioi librako inbertsioa eta 30 lanpostu zuzen agindu zituen– eta garaipen gisa hartu dute Clean Power Propertiesen erabakia: "Hitz gutxitan, hau izan da dena. Irabazi dugu, eta denok hartuko dugu arnasa lasai", adierazi dio egunkariari erraustegiaren kontrako ekintzaile batek.