Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

“Erlezaintza modernoa landuz honetatik bizitzea da gure erronka”
2022-05-12  |  Garazi Zabaleta

Inaxio Arin eta Mattin Jauregi gazteak daude duela urtebete inguru jaio zen Balerdipeko Erleak proiektuaren atzean. “Duela lauzpabost urte nire kasa erlauntza pare bat jarri eta erlezaintzaren inguruko ikastaroetan izena eman nuen”, azaldu du Jauregik. Arin laguna du, duela bi urte hasi zitzaion laguntzen, eta iaz, berriz, Bedaioko txokoan erlauntza gehiago jartzeko eta bien artean proiektu serioago bat abiatzeko erabakia hartu zuten.

“Eztiaz aparte, eztiarekin egindako bestelako produktuak ere egiten ditugu, kosmetika adibidez, eta baita ezti-ura ere”, azaldu du Arinek. Betikotik ateratzea eta erlezaintza modernoan sakontzea da kideen asmoa, eta eztiarekin lotutako bestelako bideak aztertzen ari dira horretarako. “Eztia, propolia eta oinarrizko beste gauzaren bat egin izan da tradizionalki gurean. Gu orain arte egon diren mugak nolabait hausten saiatzen ari gara”, gehitu du erlezainak.

Gure inguruan jasotzea hain ohikoa izan ez den erleen beste produktu bat ere egiten dute bi kideek. “Nektarra da gure produkturik esklusiboena. Orain arte inork gutxik ateratzen zuen hemen, interesik ez zuela pentsatzen zelako”, dio. Loretik erleek zuzenean hartzen dutena da nektarra, gerora lehortzen utzi eta ezti bihurtzen dena. Bada, lehortze prozesu hori baino lehen ateratzen dute nektarra proiektuko kideek, eta gainera, lore bakar batena atera dezakete; sagarrarena, adibidez. “Sagarrak loraldi oso motza duenez, ez du denborarik ematen horren eztia ateratzeko, baina aurreratu eta nektarra ateratzeko aukera badago”, dio Arinek.

Polinizazio zerbitzua

Proiektuaren beste adar garrantzitsuetako bat da polinizazio zerbitzua. Zoritxarrez, geroz eta erle eta intsektu polinizatzaile gutxiago dago munduan, eta hutsune hori betetzeko jarri dute zerbitzua. “Lehen erle asko zeuden, eta naturalki eta egoki egiten zen polinizazioa. Baina erle gutxiago dauden honetan, polinizazioak ez dira guztiz ongi ematen zenbait kasutan”, dio gazteak. Horregatik, inguruko ekoizleei, eta bereziki sagardogileei, polinizazio zerbitzua eskaintzen ari dira. Zertan datzan? Bada, polinizatu nahi den zonaldea bisitatzen dute balorazio bat egiteko, eta haien erleak tokira eramaten dituzte behar den denboran polinizazioa egin dezaten.

Eskutan dituzten egitasmoekin erlezaintzatik bizitzea da proiektuko bi kideen erronka, eta horretarako pausoak ematen ari dira: “Dena dela, argi dugu ez ditugula 600 erlauntza jarri nahi honetatik bizitzeko, gure zonaldean ez baitzaigu oso bideragarria iruditzen. Erleen garrantziaz jakitun gara, eta hori baloratuz, honetatik bizitzeko apustua egin nahi dugu, baina erlezaintza tradizionaletik harago joanez”.