Bizi-baratzea

Gipuzkoako erraustegia

"Epaileari esan diot erraustegia astakeria hutsa delako martxan parte hartu nuela, baina ez nintzela antolatzailea"
2020-01-09  |  Zero Zabor

Urtarrilaren 9an bi lagun Donostiako epaitegira deituak izan dira iaz erraustegira egindako martxan parte hartzeagatik, hura antolatzea eta desordena publikoak egotzita. Kanpoaldean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, 50 bat lagun bildu dira elkartasuna adierazi asmoz. "Protesta soziala ez da delitua, erraustegia da delitua", adierazi dute.

Guztira lau lagun deitu dituzte epaitegira iaz egindako martxan parte hartu zutelako. Abenduan deklaratu zuten bik, eta ostegunean egin dute beste biek. "Epaileari esan diot baietz, errauskailuaren aurkako martxan parte hartu nuen larrialdi klimatikoan errauskailua martxan jartzea astakeria hutsa iruditzen zaidalako eta protestatzea nire eskubidea delako. Hori bai, ni ez nintzen antolatzailea izan, ez neraman maskararik eta Ertzantzarekin ez nuen inolako kontakturik izan", adierazi dio epaileari Joseba Alvarezek, gaur deklaratu behar izan duen bi auziperatuetako batek, ARGIAk jakin duenez.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak epaitegi kanpoan adierazi du martxoaren 3an azpiegitura kutsatzaile hau ofizialki martxan jarriko dutela eta herritarrak kikildu nahi dituztela protestetan ez dezaten parte hartu. "Dena den, guk argi dugu herritarrok elkar babestu behar dugula eta protestetan parte hartzegatik jazartzen dituztenak babestuko ditugula, eta datozen asteetan egingo ditugun bilkuretan martxoaren 3aren bueltarako protesta deialdiak antolatuko ditugu", adierazi dute.


Zurea bidali