Bizi-baratzea

Epaiketak  >  11-13 sumarioa

"Epaiketaren datak gainera datozkigu eta buru-belarri lanean hasi gara"
2019-05-09  |  Z. Oleaga

Jasotzen ari diren “berotasun eta hurbiltasuna” eskertu dute ohar batean. Epaiketaren aurka eta preso eta erbesteratuen egoera konpontzearen alde “mobilizazio herritar indartsu bat” aurreikusi dute.

11-13 sumarioko auzipetuak poliziaren eskuetatik jasotzen ari dira Entzutegi Nazionalaren zitazioa, irailaren 16an hasiko den epaiketan aurkeztu daitezen. Batzuei etxean agertu zaie polizia, beste batzuk komisaldegietara deituak izan dira zitazioa jasotzeko. Asteak dira abokatuei epaiketaren hasiera data jakinarazi zitzaiela. 47 pertsona daude auzipetuta sumarioan: Herrira, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetako kideak, presoen bitartekariak eta abokatuak. Fiskalak 601 urteko espetxe eskaera egina du, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita.

Auzipetuek epaiaren data ezagutu zenetik jaso duten berotasuna eta “elkartasun keinuak” eskertu nahi izan dituzte; lagun eta senideen, lankideen, auzotarren edo militantzia kideen eskutik. “Babestuak eta zainduak sentitu gara. Hurbil ditugun pertsona horiei guztiei bihoakie gure maitasuna eta esker ona”.

Epaiketa kezkaz bizi dutela aitortu dute, baina bidegabekeriari aurre egiteko “ilusioz” daudela ohartarazi ere. Koordinazio bilerak egiten hasi eta lantaldeetan antolatu dira, hiru helburu nagusirekin: epaiketari begirako beharrei erantzun (“lekukoak, defentsari dagozkionak, garraio bitartekoak eta abar”); gastu ekonomikoei aurre egin; epaiketa salatzeko eta “oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuz mobilizazio herritar indartsu bat” antolatzea.


Zurea bidali