Bizi-baratzea

Energia murriztea Europan, esperimentu bat denbora errealean
2022-09-19  |  Kurt Cobb

Gaur egun, Europako gizartea energia murrizteko esperimentu bat denbora errealean burutzen ari da. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkaren ondorioz Errusiari ezarritako zigorrek eragin dute nabarmen murriztea Errusiako petrolio eta gas natural inportazioak. Europarrek petrolio errusiar pixka bat jasotzen jarraitzen dute oliobideen bidez, baina fluxu hori murriztu egin da joan den hilean, abuztuan. Errusiatik gas naturalaren entregak zergatik murriztu diren (Mendebaldeko zigorrek ez baitituzte eragozten) eztabaidan dago, eta alde bakoitzak besteari leporatzen dio kausa.

"Aurreztu ikatza, gasa, elektrizitatea, parafina...". Britainia Handiko propaganda II. Mundu gerran. (Irudia: Wikimedia)

Datorren energia-eskasiaz ohartarazi izan dugunetako batzuek uste genuen hori gertatuko zela batetik hidrokarburoak lurpetik erauztearen kostu gero eta handiagoen ondorioz eta, bestetik, energia ekoizpen berri bat oraingo putzuen ekoizpena murriztu baino lehenago abiarazteko ezintasunagatik. Orain Europan ikusten ari gara etorkizun horren lehen aurrerapen bat, alegia, nola gertatuko den gizarte bat prestatu gabe dagoenean petrolioaren eta gas naturalaren eskuragarritasuna bat-batean murrizten denerako.

Errusiako gas naturalaren inportazioak galtzea sekulako hondamendia da Europarentzat. Duela bi urte, Holandako Title Transfer Facility (TTF) Europako gas natural likido gehienaren merkatuan, gasa pagatzen zen 11 euro inguru megawatt orduko. Joan den ostiraleko (irailak 16) itxieran, prezioa ia 17 aldiz handiagoa zen, ia-ia 188 euro. Abuztuan une batean prezioa 349 eurotaraino igo zen. Pandemia lehertu aurreko hamarkadan, TTFk inoiz ikusitako preziorik altuena 29 eurokoa izan zen.

Prezio altu horiek, jakina, gas naturalaren Europako merkatuaren estutasun izugarria islatzen dute. Tentsio hori gizakiek eragin dute. Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, Errusiak Ukraina inbaditu aurretik Europak inportatutako gas natural guztiaren % 45 zen gas natural errusiarra. Europa hain dago gas naturalaren inportazioen mende, ezen Europaren kontsumo osoaren % 40 gas errusiarrak osatzen zuen.

Errusiako Gobernuak adierazi du prest dagoela Europari gasa emateko berriro ere. Europak egin behar duen bakarra da hitz ematea bere fakturak errublotan eskatu eta ordainduko dituela. Europarrak, jakina, ez dira eskaintza horretaz fidatzen, horrek ezinbestean ahulduko lituzkeelako Ukrainatik errusiarrak kanporatzen laguntzeko ahaleginak. Bistako arrazoiengatik, Europako gobernuek ez dituzte Errusiako finantzak indartu nahi. Hori egingo balute, gas-jario berritua eten edo murriztea bihurtuko litzateke Europa zigortzeko tresna, Ukrainan (Ukrainako gerran) akordio bat onartzeko malguago ez jokatzekotan.

Hori da Europan udazkenari eta neguari begira dagoen testuingurua, handitu egingo baita gas natural eskaria kalefakziotarako. Horrek esan nahi du litekeena dela prezioak igotzea eta enpresa askok kiebra jotzea energiaren kostuek zanpatuta. Fundizioak eta amoniakoa ekoizten dutenak dagoeneko itxi dira edo nabarmen murriztu dute produkzioa, operazioak jada ez direlako errentagarriak energiaren prezio altuengatik.

Litekeena da elektrizitate-hornidurak, zeinaren zati handi bat Europan gasezko zentral elektrikoek sortzen baitute, ez ondo funtzionatzea eta itzalaldi eta tentsio-erorketak gertatzea.

Azpimarratu behar da lehen aipatutako amoniakoa dela mundu osoan urria den ongarri nitrogenatuaren funtsezko osagaia. Nitrogenoak eta beste ongarri batzuk izugarri garestitu dira aurten, neurri batean Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkarekin lotutako zigorren ondorioz. (Errusia eta honen aliatu Bielorrusia ongarrien hornitzaile garrantzitsuak dira, eta biek diote ongarrien esportazioak murriztu behar izan dituztela zigorren eraginen ondorioz). Alabaina ongarrien prezioak igotzen ari ziren gerra aurretik (energiaren prezioak garestitzen ari ziren bezala). Ongarri nitrogenatuak hil ala bizikoak dira elikagaiak ekoizteko; hain dira kritikoak, ezen uste baita gaur egun bizi diren pertsonen erdiak ez liratekeela horiek gabe egongo. Europak ongarri nitrogenatuen ekoizpena murriztu izana munduko elikadura-krisi zabalagoaren parte bihurtuta dago orain.

Datorren neguan energiaren prezio altuengatik Europako enpresak ixtera behartuta baldin badaude, litekeena da langabezia orokortzea. Beraz, badirudi atzeraldi ekonomikoa gerta daitekeela. Idazle batek [Yves Smith] uste du horren ondorio ekonomikoek depresio baten antza edukiko dute gehiago.

Guk, prefosta, ezin dugu etorkizuna aurretik ezagutu. Agian, gerta liteke Europan negu bereziki epel bat gertatzea eta horrek, zalantzarik gabe, Europako energia-sistemaren eta Europako ekonomiaren gaineko presioa arinduko luke, horrela saihestuz energia-uzkurduraren ondoriorik larrienak. Baina Europari negu hotza tokatzen baldin bazaio, kasik segurua da energia murrizketa hori desastre bat izango dela. Desastrea Europako ekonomiarentzat eta desastrea bero bizi ezingo diren pertsona askorentzat.

* Kurt Cobb freelance gisa ari den idazlea eta aholkularia da, asko idazten duena energiaz eta ingurumenaz The Christian Science Monitor, Resilience, Common Dreams, Naked Capitalism, Le Monde Diplomatique, Oilprice.com, OilVoice, TalkMarkets, Investing.com, Business Insider eta beste hainbat hedabidetan. 'Prelude' izeneko nobelaren egile ere bada. Resource Insights bloga egiten du. Honetan plazaratu du euskaratu dugun artikulu hau: "Europe's real-time experiment in energy contraction".


Zurea bidali