Bizi-baratzea

Energiaren sektorea

"Ze eztabaida eta ze ostia, arakatu dezagun behingoz oinpean daukaguna!"
2022-06-13  |  ARGIA

Juan Andrés Díez de Ulzurrun Enagas enpresako zuzendaritzako kideak Arabako lur azpiko gasa aztertzea exijitu du. Proiektua geldituta dago Gasteizko Udalak baimena ukatu zuelako hirigintza planarekin bateragarria ez izateagatik eta Espainiako Gobernuak onarturiko Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeak ustiaketa berriak debekatzen dituelako, baina Jaurlaritzak erabakiaren aurkako helegitea du jarria.

Argazkia: Bilboko Merkataritza Ganbera.

Ahoan bilorik gabe mintzatu da Enagaseko zuzendaritzako kide ez ezik Bizkaiko Badia Gasako presidente den Díez de Ulzurrun, Gas naturala, geopolitika eta lehiakortasuna izeneko hitzaldian, Bilboko Merkataritza Ganberan. “Araban [gas] baliabideak ditugu. Aurreko garaietan santujaleak izan bagara, orain dugun panoramarekin, berpiztu behar dugu”. Eztabaidarik gabe egitea defendatu du, gainera: “Batzuek esaten dute, eztabaida berpiztu dezagun, eta ni ausartzen naiz esatera: Ze eztabaida eta ze ostia, arakatu dezagun behingoz oinpean daukaguna, arraioa!"

Adierazpenek polemika piztu dute, eta enpresak ohar bidez adierazi du Díez de Ulzurrunek “maila pertsonalean” egin zituela adierazpenak: “Ez da konpainiaren bozeramaile autorizatua, eta bere hitzek ez dute inolaz ere Enagasen posizioa ordezkatzen”. Enagas gas arloko Espainiako Estatuko enpresa nagusienetakoa da, IBEX 35eko kide, eta besteak beste Bermeoko Gaviota gas plataformaren jabea.

Arabako gas zundaketa, geldirik

Gasteizko lurzoruan dagoen gasa erauzi nahi zuten Eusko Jaurlaritzak eta SHESAk, eta horretarako Subijanako Armentia-2 putzuan zundaketa egin nahi zuten aurretik. Gasteizko Udalak baimena ukatu zuen, teknikariek ebatzi baitzuten proiektua bateraezina dela Hirigintza Plan Orokorrarekin. Jaurlaritzak erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen epaitegietan. Ondoren, Espainiako Gobernuak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea, eta bere zortzigarren artikuluak dio behin legea onartuta ezingo dela burutu hidrokarburoak esplotatzeko edo ustiatzeko jarduerarik, ez lurrean ez itsasoan. Jaurlaritzak ez du helegitea kendu, hala eta guztiz ere.