Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Emakume baserritarrak Europako nekazaritza politikaz hausnartzen
2021-06-11  |  Garazi Zabaleta

Europan elikagaien ekoizpena zehazten duen politika nagusia Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) da, eta 2019tik Europako Itun Berdea ere martxan dago, ustez, Batasuneko ekonomia iraunkortasunerantz bideratzeko. Europako markoa sarritan urrun xamar ikusten bada ere, eragin zuzena du hurbileko nekazarien egoeran eta egunerokoan dituzten zailtasunetan. Etxaldeko Emakumeak mugimenduko baserritarrak elkartu eta dokumentu bat landu dute Europako politika horiek aztertzeko eta haien gogoetak eta proposamenak emakume baserritarren ikuspegitik lantzeko. Kolektiboaren webgunean dago dokumentu osoa irakurgai, baina Maritxu Arroyo kideak zertzelada batzuk eman dizkigu.

Zein asmorekin atera duzue NPBren eta Itun Berdearen inguruko dokumentua?

Lehen sektorera bideratutako Europako politika zaharrena da NPB, aurrekontu handiena duena, eta beraz, eragin handia du gaur egun nagusi den nekazaritza ereduarekin. Politika horrek eta 2019an atera zuten Itun Berdeak emakume baserritarron bizitzan eta elikadura sistema osoan duen garrantzia aztertzea eta horien aukeren eta mugen inguruan hausnarketa kolektiboa egitea garrantzitsua da guretzat.

2017ko erreforma azaldu duzue txostenean. Zein dira erreformak dakartzan aukerak eta mugak?

Orain estatu bakoitzak plan estrategikoa garatzeko aukera duela da aldaketa nagusia. Erabakiak herrira eta lurrera hurbiltzen ditu nolabait, eta horri potentzialitatea ikusten diogu, baina, beste aldetik, erabakiguneak banatzeak politika bateratuaren indarra galtzea ere ekar dezake, NPB ahultzeko arriskua. Beste aldaketa nagusia “ekoeskemak” sartzea izan da: laguntzak jasotzerakoan ingurumen irizpideak ere diruarekin lotzea dakar horrek. Tresna interesgarria izan liteke, baina beti bezala agroindustriarekin topo egin dugu, inbertsio handiak egiten ari baitira produkzio handiak ekologikorantz transformatzeko baina eredua bera ezertan aldatu gabe. Azken finean, erreforma honek ez ditu merkatuaren arauak zalantzen jartzen, eta beraz, ez ditu lehen sektorearen benetako arazoak konpontzen.

Eta Itun Berdeak?

2019an atera zuten markoa da, elikagaiekin eta lehen sektorearekin lotuta Europan ekonomia iraunkorra bultzatzeko helburuz abiatua. Garrantzitsua da lehen aldiz Europako politika batek klimaren inguruko kezka, arlo soziala, belaunaldien arteko erreleboa eta agroekologiaren eta nekazari txikien garrantzia kontuan hartu dituelako. Baina noski, eredu kapitalista eta patriarkala ez du kuestionatzen, eta emakume baserritarron aipamenik ere ez da egiten. Euskal Herrian marko politiko propioa sortzeko eta eragiteko aukera eman lezake, dena den.

Eragiteko, zeintzuk lirateke eman beharreko hurrengo pausoak?

Eztabaida baserritar mugimendutik gizarte osora zabaltzea da lehentasuna, pisu guztia nekazariongan jartzen delako bestela. Horregatik atera dugu dokumentua, debate hori zabaltzeko. Eusko Jaurlaritzak mahai bat ireki behar luke plan estrategiko propioa sortzeko, eztabaidatzeko, eta pentsatzeko: nola trantsitatuko dugu nekazaritza politika batetik elikadura politikara?