Ederra eta ona bi dira

Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Elkartasun haziak biltzeko kanpaina internazionalista abian
2019-06-12  |  Garazi Zabaleta

Venezuelako iraultza bolibartarrarekin lurrak terrateniente handien eskuetatik herritarrenera pasatzen hasi zirenean, eremu soziopolitiko eta produktibo berriak martxan jarri zituzten herrialde osoan: komunak. 2009an hasi zen komunen prozesu progresiboa; 2015ean 1.500 bat zeuden, eta gaur egun jada 3.000 ingurura heldu dira. “Egia da denek ez dutela berdin funtzionatzen, eta bereziki El Maizal komuna dela Venezuelan erreferentzia eta indar handia duena”, azaldu du Saul Curto America Latina Parte Hartuz ikerketa taldeko kideak.

Haziak lortzeko zailtasunei aurre eginez

El Maizal komunak hamar urte bete dituen honetan, hango nekazariek haziak lortzeko zailtasun handiak dituztela dio ekintzaile internazionalistak: “5-6 urte daramatzate El Maizalen eraso inperialistak jasaten, gerra ekonomikoa kasu, eta nekazari komuna izanik haziak lortzeko dituzten zailtasunen aurrean erabaki dugu hemen eragile ezberdinen artean elkartasun kanpaina internazionalista abiatzea”.

Zertan datzan kanpainak? Bada, haziak bilduko dituzte Euskal Herrian, ondoren El Maizaleko nekazariei eramateko. Diru bilketa ere eginen dute haziak erosi eta bidaltzeko nahiz han bertan haziak erosteko. “Landatzeko bi garai dituzte Venezuelan: bata abuztu-irailean da, beraz, oraingo kanpainatik lortzen diren haziak uztailean eramanen ditu Euskal Herritik joanen den brigada internazionalistak, ondoren hango nekazariek landatu ditzaten”.

Bederatzi eragileen arteko elkarlana

Hainbat eragilek elkarlanean abiatu dute El Maizal komuna babesteko kanpaina Euskal Herrian: Askapena eta Komite Internazionalistak, Amerika Latina Parte Hartuz ikerketa taldea, Euskal Herriko Hazien Sarea, EHNE, Etxalde, Bizilur, Paz con Dignidad, Emakumeen Mundu Martxa eta Argia daude sare zabal horretan. “Antolakuntza herritarra duten eremuak dira komunak, eta eredu horiek babesteko gure alea jartzea da kanpainaren asmoa”, dio Curtok.

Hazien bilketarako kanpaina hau komunaren eta orokorrean iraultza bolibartarraren proiektu komunala zabaltzeko ere aprobetxatu nahi dute bultzatzaileek. Horretarako, hainbat hitzaldi emanen dituzte hurrengo hilabeteetan Euskal Herrian zehar.

Hazien kanpainarekin bat egin nahi duenarentzat kontu korrontea zabaldu dute: 3035 0028 16 0280101602 El Maizal Kanpaina.


Zurea bidali