Bizi-baratzea

Ekologistak Martxan taldeak eta auzo elkarteek argindarraren prezioaren aurkako manifestazioa egingo dute Bilbon
2021-10-06  |  ARGIA

Urriaren 7an egingo dute argindarraren prezioa salatzeko manifestazioa, Bilboko Iberdrola dorretik abiatuta. Ekologistak Martxan erakunde ekologistak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak deitu dute, baina eragile ugari batu dira deialdira. Energia eskubidea dela, eta ez negozio espekulatibo, aldarrikatuko dute.

Argazkia: Ekologistak Martxan

Astelehenean egin zuten mobilizazioa iragartzeko agerraldia. Bertan, argindarraren prezioak gizarte osoa baldintzatzen duela azaldu zuten, edozein igoerak gainerako jarduera, ondasun eta zerbitzuen prezioei eragiten baitie; baina azpimarratu zuten eragin hori ez dela berdina biztanle guztientzat. Adingabeak ardurapean dituzten emakumeek, haurrek, nerabeek eta mendekotasuna duten pertsonek, esaterako, neurri handiagoan pairatzen dute pobrezia energetikoa. Izan ere, faktura energetikoa, argindarrarena bereziki, egiturazko pobreziaren oinarrietako bat dela salatu dute

Egoera dela-eta hainbat salaketa ekintza antolatu dituzte Ekologistak Martxanek eta auzo elkarteek, pentsiodunen mugimenduak lagunduta. "Oligopolio elektrikoa modu argian salatzea beharrezkoa" dela uste dute, "gorakada galantaren eragilea eta onuradun nagusia baita". Halaber, prezioen igoera gelditzeko beharra azpimarratu dute, eta horretarako hainbat neurri eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Besteak beste, kostuen auditoria eta energiaren merkatuaren erreforma, gobernuaren parte-hartze publiko handiagoa horniduran, sistema elektrikoa berehala publifikatzea eta pobrezia energetikoaren aurkako babes-neurriak eskatu dituzte elkarteek.

Energia eskubidea dela aldarrikatzeko manifestatzera deitu dituzte herritarrak. Ostegunean egingo dute mobilizazioa, iluntzeko 19:00etan Bilboko Iberdrola dorretik abiatuta.