Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Ehun urteko paisaian 111 pauso
2019-11-04  |  Garazi Zabaleta

ARGIA aldizkariaren mendeurrena ospatzeko egunpasa eder bat antolatu dute EHKOlektiboak, Biharko Lurraren Elkarteak eta ARGIAk elkarlanean: azaroaren 23an Duzunaritzera goaz, Jon Harloucheten Idiartia etxaldera. EHKOlektiboak hiru hilero egin ohi duen Baserriko Uzta ekimenaren baitako ekitaldia ere izango da egun-pasa hau.

Jakoba Errekondorekin ibilaldia eta Jon Harloucheten etxaldean bazkaria

10:30ean Idiartia etxaldean jarri dute hitzordua, eta aurkezpenak egin ostean, 11:00etan ibilaldia aterako da bertatik: bidean ikusiko dugun paisaiaren inguruko azalpenak emanen ditu Jakoba Errekondok. 12:30ean Idiartiara itzuli eta aperitifaren ondoren etxaldea eta bertan egiten duten jarduera ezagutzeko bisita eginen dute Jon Harlouchet laborariaren eskutik. 14:00etan bazkaria izanen da: salda edo krema, espeziadun behi sukalkia polenta kremarekin eta etxeko jogurtak. 

Bazkalostea Itxaro Borda, Sustrai Colina, Pantxika Maitia eta Ibon RGren eskutik

Jakoba Errekondoren 111 izeneko liburua argitaratzear da Argia, eta liburuaren aurkezpena Idiartia etxaldean egingo dute, bazkalostean. Errekondok Argian idatzitako 1.111 artikuluetatik hautatutako 111 artikuluen bilduma da liburu hau. Baina badu berezitasun bat: Euskal Herriko hainbat alorretako 22 pertsonak irakurri eta hautatu dituztela Errekondoren artikuluak. Hautaketa horretan parte hartu duten Itxaro Borda, Sustrai Colina eta Pantxika Maitiak solasaldi berezia egingo dute bazkalostean liburua aurkezteko, 16:00etan. Jarraian, “Buztinezko Etorkizuna” testua irakurriko du Itxaro Bordak, Ibon RGren musikaren laguntzaz eta Sustrai Colinak bertsoz iruzkinduta.

Arto Gorriak elkartearen lana ezagutzeko aukera

Arto Gorriak elkarteko kide da Idiartiako Jon Harlouchet. Euskal Herrian oso garrantzitsua izan den arto barietatearen babesa eta zabaltzea bultzatzeko sortu zuten taldea Ipar Euskal Herrian. Nekazaritza intentsiboaren eredua nagusitzearekin batera, AEBetatik iritsitako beste arto barietate hibridoak hasi ziren zabaltzen gurean ere, eta bertako arto gorria galzorian egon zen.

90eko hamarkadan nekazari batek Hego Euskal Herriko komentu batean arto barietate zaharraren haziak bilatu eta handik hasi zen berriz ere gurean zabaltzen.

Eman izena egun-pasa biribilerako

Egun osoko egitarauaren prezioa, bazkaria barne, 20 euro da. Aurrez eman behar da izena. Horretarako deitu 616 79 62 84 telefonora edo idatzi argiak100urte@argia.eus helbidera.