Bizi-baratzea

Egur errautsaren gaitasunak
2022-01-24  |  Jakoba Errekondo

Berotzeko edota janaria prestatzeko egurra erabiltzen al duzu? Orduan aberatsa zara. Egur errautsa lehengai bikaina da makina bat gauzatarako. Eskuera ditugun gaien erabileraz jabetzea gero eta beharrezkoagoa izango zaigula pentsatzen dudan horietakoa naiz, ingurumenagatik, baita bizi dugun eragindako mendekotasunetik askatzeko ere.

 

Gure etxea ez da baserri izugarri horietakoa, baina kale etxe baten aldean handia. Urritik apirilera arteko sualdia izaten du gure ekonomikak, janaria bezala etxea ere berotzeko. Eta hogei bat estereo edo metro kubo egur erretzen du. Egurra norteko haritz (Quercus rubra) edota pago (Fagus sylvatica) adakia izan ohi da. Mota horretako egur estereo batek sei-zazpi bat litro errauts ematen du. 130 bat litro errauts su sasoiero. Errauts mordoa, eta erabilera eman behar.

Goazen sukaldera. Egur errautsa orantza gisa erabili izan da, gaileta eta antzekoen altxagarri. Ezkurrak jan nahi badituzu, aurrez taninoa erauzi behar zaie, eta errautsak lan hori errazten du. Likenari hagina sartu nahi badiozu, errauts uretan beratzea komeni da, Islandian egiten duten eran. Garbitasunerako laguntzaile ederra da. Harrikoa egiterakoan koipe arrastoak kenduko dituen xaboi kozkorra egiten da errautsarekin. Berarekin lixiba ere egiten da gobada egiteko; baita, iragazi eta uretan nahastuta, orbanak kentzeko ere. Errauts hutsa sukalde bazterretan jarrita ez omen da labezomorrorik hurbiltzen. Arin-arin errautseztatutako arropa ez omen du sitsak jotzen. Animalion arkakusoak ere berdin. Usainak eta hezetasuna bereganatzen ditu, hozkailuan, gela heze batean eta abar; jarri ontzi batean errautsa, hobe ikatz puxkak baditu.

Botikinaren inguruan, azalean emanda zauriak sendatzen laguntzen du, antiseptikoa omen. Garai batean tatuaje gisara azalpean sartzen omen zuten egur errautsa. Hala baieztatu dute Suitzako Alpeetan aurkitutako duela 3.300 urte bizi zen Ötziren gorputzean; agi danean zauriak eta lesioak antzematen zaizkion tokietan ditu tatuaje bereziok.

Etxe bueltan elurra urtzeko ona da, baina kontuz gero, oinetakoetan ez eraman etxe barrura. Gure ekonomikak suaren parean beirazko atea du: hura garbitzeko ur pixka batekin egindako errauts orea ezin hobea da. Antzera garbitzen omen da zilarra ere; horretan ni ez naiz saiatu.

Horiek denak egin eta oraindik sasoi honetako egur errautsaren laurdena ere ez dut baliatu...


Zurea bidali