Bizi-baratzea

Elikadura burujabetza  >  Eskola jantokiak

"Egunean 160 kilo elikagai xahutzen dira Tolosaldeko ikastetxeetako jantokietan, horietako asko, baldintza onetan"
2020-11-16  |  Tolosaldeko Ataria

EAE mailan aitzindaria den ikerketa burutu du Onintza Rojas Olazabal donostiarrak. Gutxi barru aurkeztuko ditu eskualdeko hamahiru jantokietan egindako ikerketaren emaitzak. EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko gradu ikasketez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ingurugiroaren Agrobiologian Unibertsitate Masterra du Rojasek. Beti kezkatu izan du hondakinen kudeaketaren gaiak; hori dela eta, elikagaien xahuketari buruz osatu du Master Amaierako Lana.

Josu Artutxak elkarrizketatu du Tolosaldeko Atarian. Hemen jaso ditugu elkarrizketa horren pasarte batzuk.

Guztira, hamabost ikastetxetako hamahiru jantokitan izan zarete.

Bai, baina ez ziren guk aukeratutakoak izan. Guk gonbita zabaldu genien Lehen Hezkuntzako hemazortzi eskoletako jantokiei, azterketa guztietan egitea zelako helburua. Eurei proposamena bidali ondoren, horietako hamabi izan ziren parte hartu zutenak. Bestea, Lanbide Heziketako eskola-jantokia da. Tolosakoez gain, herri txikietako eskola-jantokiak ere aztertu dira.

Eta zerk harritu zaitu gehien?

Jantoki handiak dituztenek bertan dute sukaldea; eskola txiki gehienetan, berriz, kanpotik ekartzen dute janaria. Asko harritu nau eskola-jantokien eskaintzen diren menuen %85a kanpoko enpresa baten esku dagoela jakiteak. Eskola publikoen kasuan, adibidez, Ausolan enpresa da horietako jantokien arduraduna.

Zenbateko eragina du kanpoko enpresa baten esku-hartzeak gai honetan?

Elikagaiak kanpotik ekartzen dituzten enpresek lehenetsita izaten dituzte otorduetako anoak. Nabarmentzekoa da eskola gehienak geroz eta jan gutxiago eskatzen dietela, bataz beste, izango duten jankide kopurua baino bizpahiru anoa gutxiago. Hala ere, oso zaila da, esaterako, bizpahiru azkenburuko gutxiago ere iristen zaizkielako. Hori dela eta, interesgarria iruditzen zaigu kuantifikazioak egitea, bertan sukaldea duten jangelen eta jana kanpotik ekartzen dutenen artean ezberdintasun handiak dauden ala ez ikusteko. Egindako beste ikerketa batzuen arabera, badirudi sukaldea bertan duten jangelek aukera handiagoa eskaintzen dutela, zerbaitetan eskas geratuz gero, bertan duzulako. Horrez gain, kontuan izan behar da sukaldeko langileek urteetan lortutako esperientzia. Oso ondo ezagutzen dituzte haurrak, eta gutxi gorabehera badakite elikagai bakoitzetik zenbat anoa zerbitzatu behar dituzten.

Urtean, 27 tona elikagai doaz galbidera. Zein irakurketa egiten duzue?

Guk estimazioak egin ditugu. Une honetan, eskola-jantokietan dituzten baldintzak ez dira ohikoak, bertako edukiera normalean baino baxuagoa delako. Hori dela-eta, behin martxan jartzen zirenean kuantifikazioak egitea zen gure asmoa, datu zehatzak eskuartean eduki ahal izateko. Kontuan izan behar da hamahiru jantokietan xahutzen direla 27 tona, hau da, jantoki gehiago aztertuz gero, zifrak handiagoak lirateke. Eskola-jantokiez gain, zahar-etxeak edo bestelako zentroak ere aztertuz gero, janari kantitate oso handiez ariko ginateke hizketan.

Egunean, 160 kilo xahutzen dira jantoki hauetan; horietatik hamalau kilo, plateretan geratzen direnak dira. Hain justu, jaki horiek interes berezia dute guretzat. Pentsa, gizaki heldu bakoitzak gutxi gorabehera 250-300 gramo jaten ditu otorduko. Hortaz, gutxi gorabehera 56 anoa botatzen dira zaborretara egunero. Modu egoki batean kudeatuz gero, beste pertsona batzuk elikatzeko erabili ahal izango lirateke, oraindik ere baldintza onetan daudelako.

Ondorioz, larritasun bat dugu, hondakinen kudeaketarekin ingurumen arazo handi bat izateaz gain, zaborretara joaten diren elikagaiak ekoizteko bitarteko ugari xahutzen ari gara. Azken finean, ez gara ohartzen gugandik oso gertu, jateko iristen ez zaion jendea bizi dela. Etikoki eta moralki ere, arazo handia dakar honek guztiak.

Hala ere, ikastetxe guztiek erakutsi dute xahututako elikagaien inguruko ardura, ezta?

Oso berri pozgarria da hori. Bereizita jasotzen dituzte hondakinak, eta hori ez da ikastetxe guztietako jantokietan ikusten. Ikasle askok, gainera, zaborretara joaten diren elikagaiekin zer egin daitekeen aztertu dute. Oro har, ia denek zuten gogoa alternatibak bilatu eta gaia behar bezala lantzeko.

Eta zer egin beharko lukete orain?

Bereziki garrantzia handia dute sukaldeak jantokian bertan dituzten ikastetxeek, langileria finkoa dutelako, eta horiek ere izugarri lagundu dezaketelako. Hornikuntzari dagokionez, frekuentzia jaitsi beharko litzake, eta inguruko hornitzaileekin lan egin. Azkenik, ikasleekin sentsibilizazio-kanpainak egin behar dira, kontzientzia gehiago pizteko.

Zuek zenbait alternatiba ere proposatzen dituzue ikerketan, ezta?

Legezko azterketa bat egin dugu, xahututako elikagaiak modu ezberdinetan aprobetxatu ahal izateko, betiere, prebentzio-neurriak lehenetsiz. Izan ere, ahal den neurrian, soberan elikagairik geratu ez dadin saiatu behar gara. Konpostajearen aukera bideragarria izan daiteke ikastetxe askorentzat; horrek eskoletatik xahututako kilo bakar bat bera ere ez ateratzeko aukera emango luke. Bestetik, xahututako janariaren zati handi bat giza-elikadurarako edo animalienerako ere erabili daiteke. Noainen, adibidez, oilategi-konpostagailu bat dute. Oso aukera interesgarria iruditzen zait. Hala ere, deigarria iruditu zait aukera horietarako dagoen muga- eta traba-legal kopurua, oso handia baita. Hortaz, zaila da, baina ez ezinezkoa.


Zurea bidali